Gizartea -

POLIZIA OPERAZIOA

Emakumeak sexualki esplotatzen zituen sare bat desegin dute, eta miaketak egin dituzte Barakaldo eta Tuteran

Emakumeak sexualki esplotatzen zituen talde kriminal bat desegin dute Belgikan. Bertako Poliziak eta Polizia Nazionalak elkarlanean egindako operazioan lau emakume askatu eta zazpi pertsona atxilotu dituzte, horietako bat Espainian.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ustez, Espainian eta Belgikan sexu esplotaziorako pertsonen salerosketan aritzen zen talde kriminal bat desegin dute Belgikako Poliziak eta Polizia Nazionalak elkarlanean. Polizia operazioan lau emakume askatu eta zazpi pertsona atxilotu dituzte, horietako bat Espainian. Guztira, 12 miaketa egin dituzte, horietako bi Barakaldon eta Tuteran.

Espainiako Zuzendaritza Nagusiak zabaldutako informazioaren arabera, lau biktimak latinoamerikarrak dira eta Belgikan askatu dituzte.

Zazpi atxilotuetako bat Espainian atzeman dute eta kartzelara bidali du epaileak. Horrez gain, sei miaketa egin dituzte Barakaldon, Tuteran, Valentzian, Murtzian, Jerez de la Fronteran eta Madrilen, eta dokumentazio garrantzitsua eskuratu dute.

2023ko apirilean abiatu zen ikerketa, Belgikako Poliziak herrialdeko etxebizitza batean gertatzen ari zen eztabaida batean esku hartu behar izan zuenean. Bertan, sexu esplotazioaren biktima zirela kontatu zien bi emakumek agenteei.

Belgikako eta Espainiako polizien arteko informazio trukearen ondotik, bi herrialdeetan aritzen zen sexu esplotaziorako salerosketa sarea desegin zuten.

Talde kriminalak emakumeen iragarkiak jartzen zituen harremanetarako webguneetan, eta biktimek irabazten zuten diruaren erdia beretzat hartzen zuen.

Ikertzaileek egiaztatu ahal izan zutenez, sarea bitan banatuta zegoen: batetik, emakumeak atzematen eta kontrolatzen zituzten sareko kideak Belgikan bizi ziren; bestetik, Espainiako kideak interneten iragarkiak argitaratzeaz, bezeroen deiak hartzeaz eta irabazitako dirua zuritzeaz arduratzen ziren.

Atxilotuetako bati 19.000 euro atzeman zizkioten Espainia eta Belgika arteko bidea egiten ari zela.

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Albisteak Nafarroa Barakaldo Tutera albisteak Belgika bideoak Delituak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak