Gizartea -
Epaiketa
Espetxealdi iraunkor berrikusgarria kentzea aztertzen ari da fiskala Pujana hiltzea leporatutako emakumeari
Psikiatra batek egiaztatu duenez, akusatuak mugako nortasunaren nahasmendua du. Tesi hori ontzat jo duen psikologoak jakitera eman du, epaiketan, Gipuzkoako Foru Aldundiak % 78ko desgaitasuna onartua diola emakumeari. Baldintza horrek inputagarritasuna murriztu diezaioke emakumeari.
Agentziak | EITB Media
Aintzane Pujana hiltzeagatiko epaiketan akusazio gisa ari den Jorge Bermudez fiskalak azaldu duenez, espetxealdi iraunkor berrikusgarriaren eskaera kentzea aztertzen ari da Pujana hiltzea leporatu zaion emakumeari; harekin batera hilketaz akusatutako gizonezkoari mantendu egingo litzaioke eskaera hori. 2021ean Aizarnazabalen hilik agertu zen Aintzane Pujana, indarkeria zantzu nabarmenekin.
Fiskalak azaldu duenez, aukera hori aztertzen ari da joan den asteartean epaiketan psikiatra batek egindako adierazpenenak entzun zituenetik. Psikiatrak egiaztatu zuenez, akusatuak mugako nortasunaren nahasmendua du. Tesi hori ontzat jo zuen ondoren psikologo batek, eta jakitera eman zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak % 78ko desgaitasuna onartua diola emakumeari.
Bermudezek azpimarratu duenez, akusazioko lehen idatzia egin zuenean ez zekien defentsak froga horiek aurkeztuko zituenik eta, beraz, ez zekien akusatuak "egoera psikologiko alteratua" zuenik, eta orain "nahiko frogatu" da, haren ustez.
"Fiskaltzak akusatuen kontra ala alde jokatzen duten faktoreak aintzat hartu behar" dituela gogorarazi ostean, argitu du Ministerio Publikoak "neutraltasunari eutsi" behar diola.
Horren haritik, akusatutako gizonezkoari dagokionez, fiskalak uste du "egitateek berberak izaten jarraitzen dutela eta frogek lehen bezain sendoak, gero epaileak erabakitzen duena erabakitzen duela ere".
Fiskaltzak espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu du epaiketa hasieratik akusatuentzat, hilketa delituagatik; bai eta zortzi urte eta erdiko espetxe-zigorra ere, legez kanpoko atxiloketagatik eta larderia erabiliz pertsona bat prostituzioan mantentzeagatik. Orain aldatu egin daiteke eskaera hori, emakumearen kasuan.
Behin betiko ondorioen izapidea ostiral honetarako aurreikusita zegoen, baina azkenean datorren astelehenera arte atzeratu daiteke.