Gizartea -
EGURALDIA
Uholdeak Gipuzkoan, Lapurdin eta Nafarroa Beherean, azken orduetako euri-jasen ondorioz
Jaurlaritzak bertan behera utzi du Uholdeen Larrialdiko Plan Berezia Gipuzkoan: 12 orduan metro karratuko 60 eta 100 litro artean pilatu dira. Ipar Euskal Herrian, aldiz, alerta laranjak 10:00ak arte jarraituko du indarrean.
EITB MEDIA
Ibaiek gainezka egin dute Euskal Herriko hainbat puntutan, batez ere kostaldean eta Bidasoa inguruan, lurraldearen ipar-ekialdean, eta uholdeak izan dira. 12 orduan, metro koadroko 60 eta 100 litro artean pilatu dira, batez ere Gipuzkoan eta Ipar Euskal Herrian.
Egoera ikusita, Eusko Jaurlaritzak Uholdeen Larrialdiko Plan Berezia aktibatu zuen arratsaldean Gipuzkoan. Gauerdian, baina, bertan behera utzi dute, egoerak apurka-apurka hobera egingo duela aurreikusita.
Halaber, itsasaldeko arriskua dela eta, abisu horia egon da indarrean osteguneko 16:00etatik 18:00etara, eta ostiraleko 05:00etatik 07:00etara. Ostegun arratsaldean eta goizean, ez da aparteko arazorik izan. Dena dela, arratsaldean berriro aktibatuko dute 17:00etatik 19:00etara. Itsasaldia oso bizia izango da; beraz, itsasertzeko itsas-uholdeez gain, mareak bereziki eragin ohi duten uholde-eremuetan ere itsas-uholdeak egon daitezke.
Gipuzkoan, azken orduotako euri-jasa handi eta etengabeek uholdeak eragin dituzte Irunen eta Errenterian, eta trafiko-istripuak lurraldeko errepide nagusietan.
Prezipitazio ugariaren ondorioz, gainezka egin du Irunen Jaizubia errekak, eta, ondorioz, urak klub hipikoa eta Txingudi ikastola hartu ditu. Horrek eragina izan du eskoletan, ikastola barruan ura sartu baita.
Hipika inguruan aparkatuta zeuden hainbat autori ere eragin die uholdeak, eta urez estali ditu. Gipuzkoako suhiltzaileek jakitera eman dutenez, Irungo Artia auzoan ere esku hartu behar izan dute. Irun izan da euriteen kalte handiena jasan duen hiria.
Errenterian ere uholdeak izan dira Foru plazaren inguruko kale batzuetan.
Goizean, Bartzelonatik eta Madrildik Hondarribira zetozen hegaldiak Loiura desbideratu dituzte.
Añarbeko urtegiak segundoko 53 metro kubiko husteari ekin dio, eta egunean zehar jarraituko du, nahiz eta Urumearen mailaren arabera alda daitekeen. Donostian, gainera, 2024ko egun bakarreko prezipitazio marka hautsi da.
Ipar Euskal Herrian, Lapurdi zein Nafarroa Behereko gune batzuetan urak gainezka egin du, eta ikusteko dago hurrengo orduetan zer-nolako bilakaera duen. Hori dela eta, Errobi ibaiak gainezka egin du Baionan. Ondorioz, ibai bazterreko kaiak itxi dituzte. Donapaleun ere, gora egin dute Biduze eta Iholdiko errekak, eta urak hiriaren zati bat hartu du.
Prefeturaren azken oharraren arabera, Uztaritzen 800 ikasletik gora atera behar izan dituzte ikastetxeetatik: hiru eskola eta Saint Joseph lizeoa hustu dituzte, badaezpada, eta hainbat errepide moztu dira Senperen eta Uztaritzen.
Nafarroa Beherean, gauerditik metro karratuko 145 litro bota ditu Mendiben eta 100 Aiziritzen, eta Lapurdin, berriz, 110 neurtu dira Kanbon.
Uholde arriskua dela eta, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak alerta laranjari eutsiko dio 10:00ak arte.
Nafarroan, Foru Erkidegoko iparraldean bota du euri gehien aste honetan, gaur, bereziki, hainbat puntutan metro koadroko 55 litro baino gehiago pilatu baitira.
Irabia (61,8 litro), Iñarbegi (55,3 litro), Gorramendi (52,7 litro) eta Erremendian (51,6 litro) bota du gehien. Iruñean, metro karratuko 15 litro pilatu dira. Azken 24 orduotako marka, baina, Gorramendik du, 104 litro pilatu baitira bertan.
Asteazkenetik, 5.737 tximista zenbatu dira Euskal Herrian. Ekaitzek zenbait arazo eragin zituzten Aiaraldean (Araba).