Gizartea -

Euskal Herriko Unibertsitatea

EHUk unibertsitatera sartzeko probaren lehen ereduak argitaratu ditu ikasleak mobilizatu ondoren

Unibertsitateko errektore Eva Ferreirak adierazi duenez, unibertsitatera sartzeko proba berriak (selektibitate zaharra) zalantzak sortzen ditu, eta funtsezkoa da informazio "argia eta fidagarria" izatea.

Ikasleak unibertsitatera sartzeko proban. Argazkia: EFE
Ikasleak unibertsitatera sartzeko proban. Argazkia: EFE
Ikasleak unibertsitatera sartzeko proban. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2025ean unibertsitatera sartzeko proba egin behar duten ikasleek gaur ezagutu dituzte lehen ebaluazio ereduak, eta pixkanaka argitaratuko dira Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU) webgunean, "Unibertsitaterako sarbidea" atalean.

Eva Ferreira unibertsitateko errektoreak ohar batean azaldu duenez, unibertsitatera sartzeko proba berriak (selektibitate zaharra) zalantzak sortzen ditu, eta funtsezkoa da informazioa "argia eta fidagarria" izatea.

"Funtsezkoa da ikasleek eta ikastetxeek laster ezagutzea ebaluazio ereduak eta irizpideak. Hala ere, bidezko prozesu bat ziurtatzeko, zorrotz lan egin behar dugu probetan eta zuzenketa irizpideetan", erantsi du Ferreirak.

Zehaztu nahi izan du, halaber, gaia arautzen duen Errege Dekretua "berandu argitaratu" izanak (uztailaren 12an) eragina izan duela azterketa-eredu berriaren diseinua eta zuzenketa irizpideak prestatzerakoan.

EHUk gaineratu duenez, "gaurtik aurrera eredu eta irizpide berriak argitaratuko dira unibertsitatearen webgune instituzionalean, ikastetxeek, irakasleek eta ikasleek eredu eta irizpide horiek erabili ditzaten".

Hego Euskal Herri osoko eta Espainiako Estatuko Batxilergoko ikasleek greba egin zuten iragan ostiralean, unibertsitatera sartzeko proba berriaren kontra, eta, hain zuzen ere, azterketa eredu berriak lehenbailehen ezagutzera eman zitzaten.

Salatu zutenez, ikasturtea hasi zenetik hilabete igarota, oraindik ez zuten jakitera eman nolakoa izango den azterketa berria, "ikasle askoren etorkizuna kolokan", eta "inprobisatzen" ari direla salatu zuten.

Unibertsitatera sartzeko proba prestatzeaz arduratzen den batzordeak, bestalde, orduan jakinarazi zuen aste honetan bertan argitaratuko zituztela irizpide berriak.

Greba egun horretan, Ikasleen Sindikatuak eta Ikasle Abertzaleak eragileek manifestazioak egin zituzten Bilbon, Iruñean, Donostian eta Gasteizen.

 

.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Grebak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Lanbide Heziketa Gazteak