Gizartea -
Gripearen aurkako txertaketa
Osakidetzak gripearen aurkako 105.000 txerto baino gehiago jarri ditu kanpainaren lehen astean
Gripearen eta covidaren aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 7an hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoan, eta arriskuko eta 60 urtetik gorako herritarrek jaso zuten txertoa. Gainerako herritarrek azaroaren 4tik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua.
EITB Media
Arrisku taldeetako eta 60 urtetik gorako 105.469 pertsonak hartu dute gripearen aurkako txertoa Euskal Autonomia Erkidegoan lehendabiziko astean, iazko epe berean baino % 3,7 gehiagok, hain zuzen ere.
Osakidetzak zabaldutako informazioaren arabera, % 73,5ek aldi berean jaso dituzte gripearen eta koronabirusaren aurkako txertoak. Hortaz, guztira, covidaren aurkako 79.977 txerto eman dira.
Gripearen eta covidaren aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 7an hasi zen Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) arriskuko eta 60 urtetik gorako herritarrentzat. Arriskuko biztanleriaren barruan sartzen dira 60 urtetik gorakoak, patologia kronikoak dituzten pertsonak, haurdun dauden emakumeak, osasun-profesionalak eta adineko egoitzetako erabiltzaileak. Gainerako herritarrek azaroaren 4tik aurrera eskatu ahal izango dute hitzordua.
Gripearen aurkako txertoa hartu duten 6 hilabete eta 5 urte bitarteko haurren kopurua bikoiztu egin da iaztik, 1.965 izan baitira aurtengo lehen astean.
Hala ere, oraindik hobetzeko tarte handia dagoela ulertuta, haurrak gripearen aurrean babesteko deia egin die Osakidetzak familiei.
Umeei, 20 hilabetetik aurrera, txertoa sudurretik emango zaie, injekzioaren ziztada saihesteko, eta gainerako herritarrei muskulu barruko ohiko txertoarekin emango zaie botika.
Txertoa jartzeko hitzordua Osakidetzaren webgunearen bidez edo osasun-zentrora deituta eska daiteke.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gripearen aurkako 755.000 txerto baino gehiago eskuratu ditu aurtengo kanpainarako, eta aurreikuspena da kopurua 900.000 baino gehiagora izatea.