Gizartea -
DROGA OPERAZIOA
1.700 marihuana landare atzeman dituzte Nafarroan, eta bederatzi pertsona atxilotu
Polizia Nazionalak zortzi pertsona Nafarroan atxilotu ditu, eta, beste bat, Sevillan. Bederatzi lagun horietako bat 2019an ere auzipetu zuten 5.700 marihuana landareko plantazio bat desegin zutenean.
Agentziak | EITB Media
Polizia Nazionalak bederatzi pertsona atxilotu —zortzi Nafarroan eta bat Sevillan— eta 1.700 marihuana landare atzeman ditu Nafarroan, bi instalaziotan.
Aduana Zaintza Taldeak eta Polizia Nazionalak gaur zabaldutako ohar batean azaldu dutenez, ikertzaileen arabera Nafarroan estalpeko plantazioak jartzen dituen pertsona ere atxilotu dute.
Pertsona hori bera 2019an auzipetu zuten, Nafarroan inoiz atzeman duten estalpeko marihuana plantaziorik handiena desegin zutenean. Geroztik, ikertzaileek gertutik jarraitu dute.
Iruñeko 4. Instrukzio Epaitegiak zuzendutako ikerketaren baitan, normalean merkatu beltzean eskuratzen diren marihuana landareen jatorria ere argitu zuten.
Zantzuei jarraituta, ikertzaileak marihuana landarearen laborantzari lotutako produktuak eta ongarriak saltzen dituen denda batera iritsi ziren eta bertako arduradunak Nafarroako Pirinioetan legez kanpoko marihuana plantazio bat zuela egiaztatu zuten.