Gizartea -

Migrazioa

Von der Leyenek Europa osora zabaldu nahi du eskuin muturraren migrazio politika

27ek mahaigainean dute Europako Batzordearen proposamena EBtik kanpo migratzaileak deportatzeko zentroak abian jartzeko, Italiak Albanian egin duen bezala. Horretarako, baina, EBren arauak aldatu beharko lirateke.

Migratzaileak El Hierron (Kanariak). Argazkia: EFE
Migratzaileak El Hierron (Kanariak).
Migratzaileak El Hierron (Kanariak). Argazkia: EFE

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak aldaketa nahi du Europar Batasunaren migrazio-politikan; izan ere, migratzaileen kanporatzeak bizkortu nahi du, EBtik kanpo, beste herrialdeetan, deportazio zentroak abian jarrita. Hala ere, Batzordeak berak argitu duenez, zentro horiek ezartzeko EBko arauak aldatu beharko lirateke.

Von der Leyenen proposamenak Giorgia Melonik urratutako bideari jarraitzen dio. Zentro horiek martxan jarri ditu Italiak Albanian. Baina Anitta Hipper Barne eta Migrazio bozeramaileak azaldu duenez, EBra iristen diren migratzaileak bota ahal izateko, jatorrizko herrialdera behin betiko kanporatuko dituen ebazpena heltzen den bitartean, "aurretik migratzaileak jatorriz berea herrialdea ez den batera nahitaez itzuli ahal izatea arautu beharko litzateke".

Von der Leyenek hamar puntuko zerrenda batean planteatu du proposamena, aste honetan EBko 27 estatuburu eta gobernuburuek egin behar duten bileraren aurretik. "Barne Gaietarako eta Migraziorako Komisarioari eskatu diot zuzendu dezala legez kanpoko migrazioari aurre egiteko konponbideei buruzko gogoeta eta estatukideen proposamenak kudeatu ditzala. EBren printzipioak oinarri hartuta eta nazioarteko zuzenbidea errespetatuta, migratzaileentzat bidezkoak eta jasangarriak izango diren konponbideak bermatu behar dira", idatzi du gutunean.

Italia alde batera utzita, presidente "popularraren" proposamena ez da berria. Europako beste gobernu batzuek migrazio-politikak gogortzeko eskatu diote EBri, kanpoko muga gehiago kontrolatzeko eta kanporatzeak bizkortzeko helburuarekin. 14 estatuk, tartean Alemaniak eta Frantziak, "irtenbide berritzaileak" aztertzeko eskatu zioten Viktor Orban txandakako presidenteari gutun batean, deportazioak "azkartzeko".

Kontrako jarrera du Espainiako Gobernuak. Pilar Alegria bozeramailearen arabera, EBtik kanpo deportazio zentro horiek sortzearen "aurka" jarraitzen du Espainiak. Sanchezen Gobernuaren arabera, Migrazio eta Asilo Ituna modu "humanitarioan eta solidarioan" aplikatu behar da.

Albaniak, bestalde, akordioa Italiarekin soilik lortu duela azpimarratu du. "Beste batzuek ere eskatu digute, eta ezetz esan diegu", esan du Edi Rama lehen ministroak. Albaniak azaldu duenez, Italiarekin oso harreman berezia dute, "duela milaka urtekoa", eta orain Tiranak Erromak beste batzuetan egindako "lan zikina" itzuli nahi dio, Ramaren hitzetan.

"Gauza bat da legez kanpoko migrazioaren aurka borrokatzea, eta beste gauza bat da legezko migrazioa bermatzea; EBk gauza biak egin behar ditu", esan du Albaniako lehen ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Italia