Gizartea -
Indarkeria matxista
Mbappe ikertzen ari dira Stockholmen izandako bortxaketa batengatik, Suediako prentsaren arabera
Fiskaltzak baieztatu du ikerketa bat abian egon badagoela, Suediako hiriburuan urriaren 10ean gertatutako "bortxaketa susmoagatik". Futbolariak "fake news" gisa hartu du informazioa.
Agentziak | EITB Media
Kylian Mbappe Real Madrileko futbolari frantziarra ikertzen ari dira aurreko astean Stockholmen izandako bortxaketa batengatik, Suediako hainbat hedabideren arabera. Jokalariak eta ingurukoek informazioa gezurtatu dute.
Aftonbladet egunkariak adierazi duenez, Polizia jokalaria ikertzen ari da, ostegunean izandako bortxaketa batekin lotuta. Momentu horretan Suedian zegoen paristarra. Expressen kazetak, bestalde, Stockholmeko hotel batean izandako erasoaren susmagarritzat jo du futbola. Egunkari horren arabera, Suediako Polizia arropa aztertzen ari da.
TV4 kateak, bere aldetik, azpimarratu du salaketa jarri zuen emakumea larunbatean joan zela ospitalera, eraso baten biktima izan zela salatu, eta Mbappe erasotzailetzat jo zuen.
Fiskaltzak ohar batean baieztatu duenez, ikerketa bat dago abian "Stockholmen izandako bortxaketa susmoagatik", baina ez du inplikatutako pertsonei buruzko daturik eman. "Fiskalak baieztatu dezake Poliziak bortxaketa txosten bat jaso duela; horren arabera, 2024ko urriaren 10ean gertatu zen, Stockholm erdialdeko hotel batean", azpimarratu du, datu gehiagorik eman gabe.
"Fiskala ez dago hedabideekin hitz egiteko prest, eta une honetan ezin du informazio gehiago eman. Informazio gehiago dagoenean, prentsa-ohar bat bidaliko da", gaineratu du.
Kylian Mbappe bera mintzatu da gaiari buruz, X sare sozialean: "Fake news (albiste faltsuak). Aurreikustekoa zen, epaiketaren bezperan, kasualitatez", PSGk ustez aurrelariari zor dion diruari (55 milioi euro) inguruko epaiketari erreferentzia eginez.
Aftonbladeten arabera, haren ingurukoek ohar labur bat bidali diote AFP albiste agentziari, "akusazio horiek erabat faltsuak" direla eta horiek argitaratzea "arduragabea" dela azpimarratzeko.
Mbapperen abokatuetako bat: "Beti dago norbait berarekin"
TF1 telebistari egindako adierazpenetan, Marie-Alix Canu-Bernard futbolariaren abokatuetako batek esan du Mbappe ez dagoela "inoiz bakarrik" bizkartzainei eta une oro jokalariarekin dauden beste pertsona batzuei erreferentzia eginez. "Horrek erabat baztertzen du bere aldetik ekintza gaitzesgarri bat egotea (...) hori erabateko ziurtasuna da", azpimarratu du.
Abokatuak aurreratu duenez, salaketa bat prestatzen ari dira "hurrengo orduetan" aurkeztuko duten "kalumniengatik". "Oso lasai dago, baina txundituta ulertzen ez duen zurrunbilo mediatiko honekin, ezin baitzaio ezer aurpegiratu", gaineratu du Canu-Bernardek.
Frantziako izarrak Suediako Justiziaren aurrean erantzungo ote lukeen galdetuta, abokatuak baietz esan du, baina Mbappe "erabat lasai" dagoela errepikatu du. "Horren erakusgarri da gaur entrenatu izana (bere klubarekin, Real Madrilekin). Ez dago ezer aurpegiratu dakiokeenik", erantsi du.