Gizartea -
ikerketa
EHUko irakasleak egindako iruzkin matxistak delitu diren ikertzeko eskatu dio Fiskaltzak Ertzaintzari
Ministerio publikoak sei hilabete ditu ordezko irakasleak sareetan argitaratutakoak gorroto delitu ote diren ebatzi edo auzia artxibatzeko. EHUk irakaslea kargutik kentzeko prozedura abiatu zuen urri hasieran, hark idatzitakoak EHUren "printzipioekin eta balioekin bateraezinak" zirela iritzita.
EITB Media
EHUko ordezko irakasle batek sare sozialetan egindako iruzkin matxista, homofobo eta arrazistak gorroto delitu diren ikertzeko eskatu dio Fiskaltzak Ertzaintzari, iturri judizialek jakinarazi dutenez.
Txosten poliziala eskuan, sei hilabeteko epea izango du Ministerio Publikoak salaketari bide emango dion ala auzia artxibatuko duen ebazteko.
EHUk Bizkaiko campusean Zuzenbide eskolak eman behar zituen irakasle hori kargutik kentzeko prozedura abiatu zuen urri hasieran, eta prozedura horren baitan, botatako iruzkin guztien bilduma igorri zion Gipuzkoako Fiskaltzari —han bizi da eta irakaslea—. Aurrez, irakaskuntzatik baztertu zuen, argitaratutako mezuak Euskal Herriko Unibertsitate publikoaren "printzipioekin eta balioekin bateraezinak" zirela iritzita.
Hain justu, irakasle horren jarrerak ikasleen protestak eragin zituen irail amaieran.