Gizartea -
Migrazioa
Bi kaiukotan zihoazen 293 pertsona erreskatatu dituzte Hierrotik gertu
207 pertsona erreskatatu dituzte ontzi batean, Hierrotik 86 kilometrora, eta 86, berriz, beste batean, Hierrotik 22 kilometrora. Restingan lehorreratu dituzte guztiak, eta hiru pertsona ospitaleratu dituzte, osasun arazoak baitzituzten.
Agentziak | EITB Media
Itsas Salbamenduak Saharaz hegoaldeko 293 migratzaile erreskatatu ditu larunbat gauetik igande goizaldera, tartean bost emakume eta beste horrenbeste adingabe. Hierro uharte inguruko uretan aurkitu dituzte, eta, erreskatatu ostean, Restingako portuan lehorreratu dituzte.
Itsas Salbamenduak jakitera eman duenez, Juan Thola itsasontzi frantziarrak Hierrotik 86 kilometrora ikusi zuen atzo gauean kaiukoetako bat. Abisua eman zion bere herrialdeko Gris Nez salbamendu-zentroari, eta hark Espainiako homologoari jakinarazi zion. Espainiako agintariek, azkenean, Helimer 201 helikopteroa eta Talia ontzia bidali zituzten kaiukoa azkenengoz ikusi zuten ingurura.
19:40 aldera aurkitu zuten ontzia, eta bertan izan zen helikopteroa 207 pertsonak erreskatatu zituzten arte, tartean emakume bat eta adingabe bat; 22:23 aldera hasi ziren guztiak Restingako portuan lehorreratzen.
Bigarren ontzia Guardia Zibilaren radarrak aurkitu du, 03:00ak aldera, Hierroko uhartetik 22 kilometrora, eta bertara joan da laguntzera Adhara salbamendu-ontzia, eta Restingaraino eskoltatu du. 05:00etan lehorreratu dituzte 86 bidaiariak bertan, tartean lau emakume eta beste hainbeste adingabe.
Ontzi horretako hiru bidaiari Hierroko Erregeen Ama Ospitalera eraman dituzte, osasun arazoak baitzituzten, 112 Larrialdiak eta Segurtasuna Koordinatzeko Zentroak jakinarazi duenez.
Kanarietako Larrialdi Zerbitzuak, Lehen Mailako Arretako langileek eta Gurutze Gorriak parte hartu dute Restingako kaian instalatutako osasun-dispositiboan.