Gizartea -
Nafarroa
Fidantzarik gabeko behin-behineko espetxealdia, Iruñean 20 urteko emakume bat hiltzeagatik
Autoak adierazten duenez, biktimak arma zuriz egindako hainbat zauri jasan zituen besoetan eta bularraldean, eta zauri horien ondorioz hil zen. Biktimaren aitak salatu zuen urruntze agindua eskatua zuela ustezko hiltzailearen kontra eta, hortaz, hilketa saihets zitekeela.
EITB Media
Iruñeko Instrukzioko 5 zenbakiko Epaitegiak behin-behineko espetxealdi komunikatua eta fidantzarik gabea ezarri dio Iruñeko Arrotxapea auzoko etxabe batean atzo, arma zuri batekin, emakume bat hil zuenari.
Erasoa asteazkenean gertatu zen, 01:15ean, Carmen Baroja Nessi kaleko etxabe batean. Ustezko erasotzaileak arma zuri batekin eraso egin zion biktimari, lokalaren jabearen alabari.
20 urteko emakumea Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman zuten, eta han hil zen.
Autoak adierazten duenez, biktimak arma zuriz egindako hainbat zauri jasan zituen besoetan eta bularraldean, eta zauri horien ondorioz hil zen.
Horren arabera, egitate horiek giza hilketaren delitu gisa tipifikatuta daude, eta 5 eta 10 urte arteko zigorra ezartzen zaie, baina gerora delitu astunago gisa ere kalifikatu ahalko litzateke. Autoaren aurka erreforma- edo apelazio-errekurtsoa aurkez daiteke.
Epaileak uste du delitua egin izanaren zantzuak daudela, poliziaren atestatuaren, medikuen txostenaren eta lekukoek poliziari egindako deklarazioaren arabera. Lekukoek akusatua etxabean sartzen entzun zuten, eta, ondoren, zaratak, kolpeak eta biktimaren oihuak. Lekuko batek adierazi zuenez, akusatua lokaletik irteten ikusi zuen, labana eskuan zuela.
Autoan fidantzarik gabeko espetxealdia justifikatzen da, egozten zaion delituaren eta ezarri beharreko zigorren larritasuna dela eta; gainera, akusatua Espainian egoera irregularrean dagoen atzerritarra dela zehaztu du epaileak.
Lekukoek EITBri kontatu ziotenez, harreman gatazkatsua zuten bizilagunek ustezko hiltzailearekin, eta aurretik ere horren kontrako salaketak jarrita zituzten. Gizonak etxebizitza utz zezan nahi zuen jabeak, baina horrek ez zuen nahi eta, gainera, ez zuen alokairua ordaintzen.
Biktimaren aitak esan du hiru salaketa aurkeztu dituela ustezko erasotzailearen aurka, mehatxuengatik, eta horren kontrako urruntze agindua ere eskatua zuela, horregatik, haren ustez, hilketa saihets zitekeen.