Gizartea -
NESKATOAREN NAZIOARTEKO EGUNA
370 milioi neskatok eta emakumek sexu-erasoak jasaten dituzte 18 urte bete aurretik
Zortzitik batek bortxaketak edo sexu-abusuak jasan dituzte. Unicefen datuen arabera, haurren aurkako sexu-indarkeria oso zabalduta dago, eta muga geografiko, kultural eta ekonomikoaz harago doa.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Mundu osoko 370 milioi neska-emakumek baino gehiagok (zortzitik batek) jasan dituzte bortxaketak edo sexu-abusuak 18 urte bete baino lehen, Unicefek urriaren 11n Neskaren Nazioarteko Egunaren harira argitaratutako "Zenbakiek ekitea eskatzen dute, haurren aurkako sexu-indarkeriaren eskala globalari aurre egiteko" ikerketak ondorioztatu duenez.
Kalkulu horietan, gainera, kontaktu fisikorik gabeko sexu-indarkeria motak sartzen dira, eta, horiei erreparatuta —hala nola hitzezko edo Internet bidezko abusua—, mundu osoan 650 milioi neskato eta emakumek (bostetik batek) jasan dituzte erasoak, eta horrek agerian jartzen du prebentzio- eta laguntza-estrategia integralak hartzeko premia larria dela, indarkeria- eta abusu-mota guztiei modu eraginkorrean aurre egiteko.
Datuon arabera, haurren aurkako sexu indarkeria oso zabalduta dago, eta muga geografiko, kultural eta ekonomikoaz harago doa.
"Haurren aurkako sexu-indarkeriak trauma sakon eta iraunkorrak eragiten ditu, askotan haurrek ezagutzen dituzten eta haiengan konfiantza duten pertsonek egiten baitiete erasoak, seguru sentitu beharko liratekeen lekuetan", adierazi du Catherine Russell Unicefeko zuzendari exekutiboak.
Halaber, azaldu du inguru hauskorretako adingabeak "bereziki zaurgarriak" direla sexu-indarkeriaren aurrean, eta gaineratu duenez, "gatazka guneetan gertatzen den sexu-indarkeria ekintza izugarrien parte da, bortxaketa eta genero-indarkeria gerra-arma gisa erabiltzen baitira askotan".
Datuen arabera, haurtzaroko sexu-indarkeria kasu gehienak nerabezaroan izaten dira, eta nabarmen igo da 14 eta 17 urte bitartekoen kasuan. Gainera, azterlanen arabera, sexu-indarkeria jasaten duten haurrek joera handiagoa dute behin eta berriz abusuak jasateko. Ildo horretan, txostenaren arabera, "nerabezaroan esku-hartze espezifikoak ezartzea funtsezkoa da zirkulu hori hausteko eta trauma horien epe luzeko ondorioak arintzeko".
Era berean, ohartarazi du bizirik atera diren emakumeek sexu-abusuaren trauma helduarora arte eraman ohi dutela, eta arrisku handiagoa dutela sexu-transmisiozko gaixotasunak harrapatzeko edo substantzien abusuan, isolamendu sozialean edo buru-nahasmenduetan erortzeko (antsietatea eta depresioa, kasurako); gainera, zailtasunak izaten dituzte harreman osasuntsuak sortzeko.
Datuek erakusten dute, gainera, ondorioak are larriagoak direla neska-mutilek bizitako sexu-abusuak kontatzea atzeratzen dutenean, batzuetan denbora luzez, edo, besterik gabe, abusuaren berri ematen ez dutenean.
Sexu-erasoak mutilei
Ikerketaren arabera, gizonezko eta mutikoak ere badira abusuen biktima. Kalkuluen arabera, 240 eta 310 milioi haur eta gizonek (hamaikatik batek, gutxi gorabehera) bortxaketak edo sexu-abusuak jasan dituzte haurtzaroan. Estimazio hori 410 eta 530 milioi artekoa da kontaktu fisikorik gabeko abusuak sartzen badira.
"Datu faltak bere horretan jarraitzen du, batez ere mutilen esperientziari eta kontaktu fisikorik gabeko sexu-indarkeria moduei dagokienez, eta horrek agerian uzten du beharrezkoa dela datuak biltzeko inbertsioa handitzea, haurren aurkako sexu-indarkeriaren dimentsio zehatza ebaluatu ahal izateko", nabarmendu du Unicefek.