Gizartea -
Delituak
Hiru pertsona atxilotu dituzte Getxoko taberna bateko langileak esplotatzeagatik
Egoera salatu duten emakumeen arabera, jabeak, haren emazteak eta arduradun batek abusuzko lan baldintzekin lan egitera behartzen zituzten, besteak beste, atsedenik gabeko lanegun luzeak eta eguneko 20 euroko soldata, kontraturik gabe. Gainera jabeak eraso sexualak egiten zizkien, etengabe.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak hiru pertsona atxilotu ditu, gizonezko bat eta bi emakume, Getxoko taberna batean lan egiten zuten hainbat emakumeren langile-eskubideen kontrako hainbat delitu egotzita, kontraturik gabe eta abusuzko lan baldintzekin lan egitera behartzeagatik, besteak beste.
Gainera, tabernaren jabea den gizonezkoari eraso sexistak egitea ere leporatzen zaio, langileei ukituak eta eskaintza sexualak etengabe egiteagatik, Poliziak ohar batean adierazi duenez.
Bilboko Atzerritarren eta Mugen Brigada Probintzialak ikerketa abiatu zuen sei biktimen deklarazioak jaso ostean; haiek azaldu zuten Getxoko taberna batean lan egiten zutela, bizileku- eta lan-baimenik ez zuten arren.
Ikertzaileei azaldu zietenez, tabernako jabeak, haren emazteak eta arduradun batek laneko elkarrizketak egin, eta haien ordutegiak eta lan-moduak kontrolatzen zizkieten, eta astean sei egunez eta egunean hamar orduz lan egitea eskaini, hilean 1.000 euroren truke.
Lanean hasten zirenean, ordea, bestelakoa zen topatzen zutena. Ezin zuten lanegun osoan atsedenik hartu, gaixorik egonda ere lanera joan behar zuten eta eguneko 20 eurokoa zen euren soldata. Ez zuten lan-kontraturik.
Azaldu zutenez, gainera, gizonak ukituak egiten zizkien etengabe, baita atximurkak egin eta ipurdikoak eman ere lanean ari zirenean; eta senitartekoak Espainiaratzen laguntzea eskaintzen zien, sexuaren truke.
Lekuko babestu gisa hartu zituen Poliziak salatzaileak, eta ikerketan zehar, baieztatu ahal izan zuten atxilotuek 2018tik zeramatela egoera irregularrean zeuden langileak kontratatzen.
Horregatik guztiagatik, Atzerritarren eta Mugen Brigada Probintzialeko agenteek eta Bizkaiko Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza Probintzialeko kideek ikuskapena egin zuten tabernan, eta hiru susmagarriak atxilotu zituzten.