Gizartea -
Migrazioa
EAEn bizi diren atzerritar gehienek bertan garatu nahi dute bizitza-proiektua
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi den atzerritarren kopuruak nabarmen egin du gora 2010etik Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestak aditzera eman dituen datuen arabera, batik bat azken bost urteetan. Hamarretik seik lana daukate eta EAEko landunen % 13,7 jatorri atzerritarrekoak dira.
EITB Media
Migrazioak goranzko bidean jarraitzen du Euskal Autonomia Erkidegoan. Azken bost urteetan, gainera, igoera nabarmena izan du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bizi diren atzerriko jatorriko pertsonak biztanleria osoaren % 8,2 ziren 2010 urtean (179.558 pertsona); 2023an, berriz, % 12,6 ziren (277.564 pertsona).
Gainera, gehienak gustura daude gure artean. Izan ere, ia denek (% 95,8) hurrengo bost urteetan EAEn gelditzeko asmoa azaldu dute eta % 89k erabaki dute beren bizi-proiektua bertan garatzea.
Eusko Jaurlaritzak egindako 2023ko Atzerritar Jatorriko Biztanleriaren Inkestak (EPOE) utzi dituen emaitzak dira datu hauek. Nerea Melgosa Eusko Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak eta Xabier Legarreta Migrazio eta Asiloko zuzendariak eman dituzte ezagutzera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan "bizi diren atzerritar jatorriko biztanleen errealitatearen argazki finkoa eskaintzea helburu duen" datu-bilketa honen emaitzak.
Pertsona horien jatorriari dagokionez, biztanle multzorik handiena Latinoamerikakoa da, guztizkoaren % 49,8, hain zuzen. Afrikar jatorriko kolektiboa ere ugaria da, % 26,2. Zehatzago begiratuta, bertan bizi diren atzerritarren gehienak Magrebetik etorritakoak dira (% 17,7). Bigarren multzo handiena Kolonbia, Ekuador eta Perutik etorritakoek osatzen dute (% 17).
Generoari begiratuta, orokorrean, emakumezko atzerritar gehiago etortzen da EAEra gizonezkoak baino (% 52,2 eta % 47,8, hurrenez hurren). Alabaina, jatorriari erreparatuta, aldea handia da. Alegia, Latinoamerikatik gizonezkoak baino emakume gehiago etortzen dira, baina Saharaz azpiko Afrikatik etortzen diren gehienak gizonezkoak dira. Adibide gisa, Latinoamerikatik etorritakoen % 59 emakumeak dira, baina Senegaldik etorritakoen artean % 28,4 dira andrazkoak.
Atzerritar jatorriko biztanleek EAEko biztanleria gaztetzen laguntzen dute, gehienak 44 urtetik beherakoak baitira: % 38,4k 25 eta 44 urte artean dituzte eta % 30,6 25 urtetik beherakoak dira.
16 urtetik gorako gehienek, gainera, bizileku-baimena dute (% 7,9k ez daukate) eta % 37k Espainiako nazionalitatea lortu dute.
Euskara eta ikasketa kualifikatuak
Gizarteak bi erronka nagusi ditu atzerritar jatorriko biztanleei dagokionean. Alde batetik, gehienek diote "ez dutela euskara batere ulertzen". Bestetik, gutxi dira ikasketa kualifikatuak egiten dituztenak.
Hizkuntza ofizialen ezagutzari buruz galdetuta, atzerritarren % 2,1ek dio etxean erabiltzen den hizkuntzetako bat dela. Aldiz, erdiek inguruk diote ez dutela euskara "batere ulertzen", ezta hitz solteak ere.
Gaztelaniaren erabilera, ordea, oso zabalduta dago. Lautik hiruk (% 75,6) komunikatzeko erabiltzen duen hizkuntza da.
Ikasketei so eginda, lautik hiruk (% 76,1) ez dute ikasketa kualifikaturik. Zehatzago esanda, % 14,3k ez dute inolako ikasketarik, % 18,7k oinarrizko ikasketak dituzte, % 35,9k bigarren mailakoak egin dituzte eta % 7,3k erdi-mailako lanbide-heziketako graduren bat dute.
Halaber, % 23,9k badituzte ikasketa kualifikatuak: % 7,7k lanbide-heziketako goi-mailaren bat egin dute eta % 16,2 hirugarren mailako ikasketak egiten ari dira edo amaitu dituzte.
Lana
Bestetik, inkestak azaleratu dituen datuek diote lan egiteko adinean dauden (16-66 urte) gizatalde honetako % 62,6 lanean ari zirela 2023an. Hain zuzen ere, taldearen okupazio tasa handitzen joan da 2010etik, eta, gaur egun, EAEko landunen % 13,7 atzerritar jatorrikoak dira.
Alabaina, jatorria kontutan hartzen badugu, aldea handia da. Txinatik, Europatik eta Latinoamerikatik iritsitako biztanleen okupazio-tasak Senegaldik edo Magrebetik iritsitako pertsonenak baino handiagoak dira.
Lan egiten duten sektoreei dagokionez, lautik hiru (% 73,6) zerbitzuen alorrean ari dira lanean, batik bat, etxe-zerbitzuetan (% 16,5), ostalaritzan (% 15,5) eta merkataritzan (% 13,5).