Gizartea -

Indarkeria matxista

18 urteko gizon bat atxilotu dute Tolosan hainbat emakumeri, adingabeak tartean, sexu erasoa egitea egotzita

Hainbat biktimak, adin txikikoak batzuk, aurkeztu dute salaketa erasotzailearen kontra. Gizonak ustekabean harrapatzen zituen kalean, ukituak egiten zizkien edo euren aurrean masturbatzen zen, eta ondoren, ihes egiten zuen.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 18 urteko gizonezko bat atxilotu du Tolosan (Gipuzkoa), sexu askatasunaren kontrako hainbat delitu leporatuta. Biktimen artean hainbat emakume daude, horietako batzuk adingabeak.

Eusko Jaurlaritzak Segurtasun Sailak ohar bidez jakinarazi duenez, azken hilabeteetan udalerri horretan gizon matxista berberak egindako hainbat erasoren berri izan zuen Ertzaintzak. Erasotzailea ustekabean hurbiltzen zitzaien biktimei, sexu ukituak egiten zizkien edo euren aurrean masturbatzen zen eta, ondoren, ihes egiten zuen.

Hainbat salaketa jaso ondoren —azkena irailean jarri zuen neska gazte batek; susmagarriak eraso egin zion, eta beste adingabe baten laguntzarekin ihes egitea lortu zuen—, ikerketa abiatu zuen Tolosako Ertzaintzak.

Egindako ikerketei esker, 18 urteko gazte bat identifikatu zuten, eta, atzo, asteartearekin, atxilotu. Gizona aske dago, epailearen aurrera noiz pasatu zain.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Tolosa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Feminismoa Sexu erasoak