Gizartea -

indarkeria futbolean

Anderlecht taldeko ultrek barkamena eskatu dute Reale Arenan eragindako txikizioagatik

Mauves Army 2003 Belgikako taldearen zale erradikalek oharra kaleratu dute ostegunean Donostian gertatutakoengatik barkamena eskatzeko. "Ez dago aitzakiarik", aitortu dute, "ergelkeria gailendu zen, arrazoiaren kaltetan".

Mauves Army taldeko zaleen harmaila, Reale Arenan. Artxiboko argazkia: EFE
Mauves Army taldeko zaleen harmaila, Reale Arenan.
Mauves Army taldeko zaleen harmaila, Reale Arenan. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joan den ostegunean, Realaren kontrako Europa Ligako partidan, Donostiako estadioan eragindako istiluengatik "barkamen zintzoa" eskatu dute Anderlecht taldeko ultrek. Belgikako taldearen zaleetako batzuek egindako txikizioa "irmo gaitzetsi" dute eta "taldearen etorkizuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak" hartuko dituztela iragarri. Testuinguru horretan, asteazkeneko azken orduan iragarri dutenez, Anderlechtek berak erabaki du ez diela utziko Mauves Army talde ultrako kideei taldeak etxetik kanpo jokatuko dituen partidetara joaten. 

Mauves Army 2003 du izena ultren taldeak, eta bere sare sozialetan zabaldu du barkamen adierazpena. Taldeko bost kide atxilotu zituen Ertzaintzak, desordena publikoak eta agintaritzaren kontrako atentatua egotzita. Zale erradikalek metakrilatozko babes hesia apurtu, eta aulkiak eta objektuak bota zituzten azpian zeuden harmailetara.

"Joan den ostegunean talde gisa kale egin genuen gure kide batzuen jarrera kontrolatzeko garaian  (...) kontrola galdu genuen. Ergelkeria gailendu zen, arrazoiaren kaltetan", dakar adierazpenak. Onartu dutenez, "ez dago aitzakiarik" eta "egindakoa aitortzea" besterik ez dutela azpimarratu dute. 

"Guk geuk sortu dugun ekaitzari aurre egin beharko diogu, eta denbora beharko dugu egindako akatsak zuzentzeko", gaineratu dute. Hala, iragarri dute "taldearen etorkizuna bermatzeko beharrezkoak diren neurriak" hartuko dituztela. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Reala Donostia Ertzaintza Anoeta-Reale Arena Gizartea Eguneko albisteak Albisteak