Gizartea -
NOBEL SARIAK
Hopfieldek eta Hintonek irabazi dute Fisika Nobel 2024 saria, "makinen ikaskuntzari" egindako ekarpenagatik
Bi fisikariok sare neuronal artifizialen bidez "automatikoki ikastea ahalbidetzen duten funtsezko aurkikuntzak" egin dituztela nabarmendu du Suediako Akademiak, adimen artifizialaren oinarriak ezarriz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Fisikaren Nobel 2024 sariak baditu irabazleak. John J. Hopfield eta Geoffrey E. Hinton, Princetoneko eta Torontoko unibertsitateetako fisikariak, hurrenez hurren, dira aurtengo saridunak, euren lanaren bidez, "makinen ikaskuntza automatikoari" egindako ekarpenagatik. Suediako Zientzien Akademiak jakinarazi duenez, bien lana funtsezkoa izan da, sare neuronal artifizialak garatzeko bidean.
Sariaren berri emateko zabaldutako oharrean zehazten denez, Hopfieldek irudiak gordetzeko eta berregiteko elkartze-memoria bat sortu zuen, eta baita, datuak biltzeko eredu automatikoak ere.
Hintonek, berriz, datuen propietateak automatikoki asmatzeko gai den metodo berezi bat sortu zuen. Egun erabiltzen diren adimen artifizialerako sareak garatzeko oinarrizkoa izan da metodo hori.
"Ordenagailuek pentsatzea ezinezkoa bada ere, makinek memoria eta ikaskuntza funtzioak gara ditzakete. Horretan lagundu du Hopfielden eta Hintonen lanak (...) Fisikako oinarrizko kontzeptuak eta metodoak erabilita, informazioa prozesatzeko teknologia garatu dute", esan du akademiak.
Bi adituok egindako ekarpenari esker, "adimen artifizialak iraultza ekarri du zientziara, ingeniaritzara eta eguneroko bizimodura", erantsi dute oharrean. Nolanahi ere, teknologia mota horren arriskuez ere ohartarazi du Suediako Akademiak, teknologia "modu seguruan eta etikoan" erabili behar dela nabarmenduz.