Gizartea -
EGURALDIA
Haizeagatik alerta laranja ezarriko dute EAEn asteazkenean
Orduko 120 kilometroko haize ufadak espero dira. Euskalmeten arabera, depresio sakon baten hurbiltasunak hego-mendebaldeko haize oso gogorra eragingo du egun osoan, bai haizeguneetan, baita haizeguneak ez diren lekuetan ere.
EITB MEDIA
Haize zakarra dago aurreikusita asteazkenerako Euskal Autonomia Erkidegoan, eta hori dela eta, alerta laranja ezarriko du egun horretan Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Orduko 120 kilometrorainoko haize ufadak espero dira haizeguneetan, eta 100 km/h-koak haizeguneak ez diren lekuetan.
Bezperan, astearte iluntzean, iritsiko dira lehen ufadak, eta, badaezpada, 21:00etan abisu horia ezarriko dute. Araban eta Bizkaian, batez ere, mendebaldeko mendi inguruetan, 100 km/h-ko haize ufadak iragarri dituzte. Gipuzkoan, 80-100 km/h-koak.
Asteazken arratsaldera arte egongo da indarrean abisu horia, eta ordu horretatik aurrera, alerta laranja aktibatuko da, 20:00ak arte. Ondoren, gauerdira bitartean atzera berriz abisu horia egongo da ezarrita.
Euskalmeten arabera, depresio sakon baten hurbiltasunak hego-mendebaldeko haize oso gogorra eragingo du egun osoan, bai haizeguneetan, baita haizeguneak ez diren lekuetan ere.