Gizartea -

Indarkeria matxista

Aurrekariak dituen gizon batek emakume bat hil du Pontevedran, autoa itsasora botata

Lekuko batzuen arabera, gidariak "nabarmen azeleratu" du, ibilgailua itsasora erori baino lehen. 47 urteko gizona atxilotu egin dute, homizidioa egotzita.

Gertakariak jazo diren tokia, Moañan (Pontevedra). Argazkia: EFE
Gertakariak jazo diren tokia, Moañan (Pontevedra). Argazkia: EFE
Gertakariak jazo diren tokia, Moañan (Pontevedra). Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Moaña (Pontevedra) udalerriko Domaio pasealekuan, auto baten gidariak "nabarmen azeleratu" du, ibilgailua itsasora erori baino lehen, lekuko batzuek adierazi dutenez. Espainiako Gobernuak Pontevedran duen ordezkariorde Abel Losadaren esanetan, 05:00ak aldera jazo den gertakari honetan "zantzu kezkagarriak daude", gidariak genero-indarkeriagatik aurrekariak baititu. Hala ere, Guardia Zibilak ikerketa amaitu arte, zuhurtziaz jokatzeko eskatu du.

Hedabideei egindako adierazpenetan Abel Losadak azpimarratu duenez, ikertzaileek ez dute baztertzen Fadwa A. 41 urteko Pontevedrako emakumearen heriotzaren inguruko hipotesirik. Hondoratutako autoa berreskuratzeko lanak egiten ari zirenean atera dute gorpua uretatik. Emakumeak gutxienez kolpe bat zuen ahotik gertu.

47 urteko gidaria ibilgailuaren sabaira igo ondoren erreskatatu dute, eta anbulantzia medikalizatu batean eraman dute Vigoko Povisa ospitalera. Hipotermia eta konorte-galera zantzuak zituen. Ordu batzuk geroago, atxilotu egin dute, homizidioa leporatuta.

"Oso zuhurra izan behar da, ikerketa martxan dagoelako, baina kontua da emakume batek bizia galdu duela gizon batek gidatutako auto bat uretara erorita. Lekukoen arabera, ibilgailuak nabarmen azeleratu du, eta oinezkoen gune batean sartu da uretara erori aurretik", azaldu du Losadak.

Gizona VioGen sisteman zegoen

Espainiako Gobernuaren ordezkariordeak doluminak eman dizkie emakumearen senide eta gertukoei, "eta, oro har, emakume guztiei, emakume bat hiltzen duten bakoitzean gizarte gisa denoi ematen baitigu min". Autoaren gidariak aurrekariak dituela eta VioGen sisteman agertzen dela baieztatu du Losadak.

Gizona genero-indarkeriagatik espetxean egon zen, Pontevedrako Lurralde Auzitegiak 2012an zigortu baitzuen, eta 2020ra arte biktimarenganik urruntzeko agindua izan zuen indarrean.

Losadaren esanetan, gaur hildako emakumea ez zegoen VioGen sisteman, eta, beraz, "ez zegoen inolako babes-neurririk haren inguruan".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Galizia Matxismoa