Gizartea -
Gipuzkoa
Ustezko estaltzailea atxilotzeko agindua eman dute Lukas Agirreren auzian
Emakumea behin-behinean aske dago, kautelazko neurriekin, baina gaur goizean ez da aurretiazko saio batera joan, ahozko epaiketa hasi aurretik.
Agentziak | EITB Media
2022ko Gabon gauean Donostian labankadaz hil zuten Lukas Agirreren auzia ikertzen ari den epaitegiak emakumea atxilotzeko agindua eman du gaur, Hernaniko gazte horren heriotzagatik espetxeratutako bi gizonak estaltzea egotzita.
Auziko iturriek jakitera eman dutenez, emakumea, beste bi auzipetuak ez bezala, behin-behinean aske dago, kautelazko neurriekin, epaitu zain, baina gaur goizean ez da Donostiako Justizia Jauregira joan, ahozko epaiketa hasi aurreko saio batera.
Iturri horiek argitu dutenez, horren aurrean, saioa ordu batzuk atzeratu dute hura aurkitzen saiatzeko, baina, harekin harremanetan jartzea ezinezkoa izan denez, hitzordua bertan behera geratu da astelehenera arte, eta, ondoren, epaitegiak emakumea atxilotzeko agindua eman du.
Gipuzkoako Fiskaltzak hiru urteko espetxe-zigorra eskatu du emakumearentzat, Agirreren heriotzagatik inputatutako bi gizonak estaltzea egotzita.
Auzia Gipuzkoako Auzitegian epaituko du herri-epaimahai batek, baina epaiketak oraindik ez du hasiera datarik.