Gizartea -

Indarkeria futbolean

Beldurra, amorrua eta haserrea Donostian, ostegunean hirian zein Reale Arenan bizitakoagatik

Reala UEFAko ordezkariekin bildu da goizean. Bazkide txuri-urdin askok planteatu dute jarraitzaile bisitarien eremua estadioaren beheko eraztunera jaistea. Bestalde, alkateak zaleak "hiritik urrun" dagoen leku batean isolatzea eskatuko du arrisku handikotzat jotzen diren partidetan.

Alderlechten ultrak, Donostian. EFE
Alderlechten ultrak, Donostian.
Alderlechten ultrak, Donostian. EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Anderlecht taldeko ultren beheko harmailetan eserita zeuden realzaleek beldurra pasatu zuten ostegunean, eta amorrua eta haserrea sentitu zuten Reale Arena estadio barruan. Belgikako taldeko erradikalek partida baldintzatzea lortu zuten, eta, ondorioz, norgehiagoka gelditu behar izan zuten. Hala ere, minutu batzuk igaro behar izan ziren epaileak partida gelditzeko. Gainera, familia askok (haur eta guzti) estadioa uztea erabaki zuten, euren segurtasuna arriskuan ikusita.

Hainbat bazkide txuri-urdinek protesta egin dute jada Donostiako taldearen aurrean. Haserrea nabaria da, eta askok planteatu dute jarraitzaile bisitarien eremua estadioaren beheko eraztunera jaistea.

Realak gogor gaitzetsi du Anderlechteko ultrek talde zuri-urdineko zaleei egindako erasoa. Talde donostiarrak ohar ofiziala atera du, Reale Arenan, Europa Ligako partidan, Belgikako zaleek eragindako istiluen ostean. Ertzaintzak bost ultra atxilotu zituen, liskarrekin nahasita zeudelakoan. 

Anderlechteko jarraitzaileek metakrilatozko hesietako bat apurtu zuten eta objektuak jaurti zituzten realzaleen harmailaren kontra. Klubak besarkada helarazi die kaltetuei, eta UEFAri batzarra eskatu diola jakinarazi du, "gaurkoa (atzokoagatik) gure jarraitzaileek bizi behar duten azkena izan dadin". EITBk jakin ahal izan duenez, bilera goizean egin dute, baina edukien inguruko xehetasun gehiagorik ez dute eman. Etorkizunean berriz biltzea adostu dute.

'Ultrekin amaitzeko alde guztien arteko adostasuna behar da''
'Ultrekin amaitzeko alde guztien arteko adostasuna behar da''
'Ultrekin amaitzeko alde guztien arteko adostasuna behar da''

1:56

Eneko Goia Donostiako alkateak erabat gaitzetsi ditu istiluak, eta iragarri du Segurtasun Sailari eskatuko diola zaleak isolatzea "hiritik urrun" dagoen leku batean, arrisku handikotzat jotzen diren partidetan. Goia haserre agertu da gaur belgikar jarraitzaileek Reale Arenan eragindako liskarrengatik.

Alkateak irmo gaitzetsi ditu "futboletik desagerrarazi behar den gutxiengo ultra batek eragindako istiluak".

"Ultra talde batek ezin du horrela baldintzatu kirol ekitaldi bat eta hiri baten bizitza normala. Guztioi gustatzen zaigu futbola, eta guztiok nahi dugu Txapeldunen Ligako edo Europa Ligako gauak zuzenean bizi, baina liskarra besterik bilatzen ez duen talde batek ez du hiri baten bizitza baldintzatu behar", salatu du.

Goiak adierazi du, gainera, Realak UEFAri egindako eskaera babestuko duela, hiriaren eta partidaren beraren garapena alda dezakeen indarkeria saihesteko, zale ultrei sarrerak ez saltzea.

Bestalde, Udal Gobernua osatzen duten talde politikoek (EAJ-PSE) adierazpen instituzionala aurkeztu dute, Bozeramaileen Batzordean eztabaidatzeko. Adierazpenean, Donostiako Udalak bere "gaitzespen irmoena" azaldu du Belgikako zale talde batek Anoeta estadioan egindako "ekintza bandalikoengatik".

Testuan, Udalak bat egiten du gertatutakoak eragindako "ezinegon sozialarekin", eta agintariei eskatzen die etorkizunean beharrezko neurriak har ditzatela hirian "horrelako gertakari tristeak eta gaitzesgarriak" berriro jazo ez daitezen.

Bilbon egindako agerraldian, Mikel Torres bigarren lehendakariordeak Segurtasun Sailak partida dela-eta ezarritako dispositiboa nabarmendu du. Esan duenez, "gure lana prebentzioa da", eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak "aurreikuspena oso ondo egin zuen".

"Beste kontu bat da ultrak diren zale jakin batzuen jokabidea", erantsi du Torresek, eta gai horren inguruan hausnarketa egin beharko litzatekeela esan du, "Europako liga handietan futbolaren irudiari kalte handia egiten diotelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Reala Ertzaintza Anoeta-Reale Arena Gizartea Eguneko albisteak Albisteak UEFA Europa Liga