Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Fiskaltzak 14 urteko kartzela eskatu du Mario Lopez saskibaloi entrenatzaile ohiarentzako, sexu erasoagatik
Gernikako saskibaloi klubeko entrenatzaile eta kirol-zuzendari ohia iaz salatu zuten, 13 urteko neskato bati sexu-abusuak egiteagatik. Fiskalak, halaber, biktima bizi den herrira 10 urtez hurbiltzeko debekua ere eskatzen du.
EITB MEDIA
Fiskaltzak 14 urteko espetxe-zigorra eskatu du Mario Lopez Gernikako saskibaloi taldeko entrenatzaile eta kirol-zuzendari ohiarentzat, 13 urteko adingabe bati modu jarraituan sexu-abusuak egiteagatik jarritako salaketa dela eta. Salaketaren ondotik, Espainiako Saskibaloi Federazioak kirol zuzendaritzatik kendu zuen akusatua. Epaiketa urtarrilaren 14tik 16ra egingo da Bizkaiko Auzitegian.
EITBk jakin ahal izan duenez, kasua Bizkaiko Auzitegian dago. Fiskalak, halaber, biktima bizi den herrira 10 urtez hurbiltzeko debekua ere eskatzen du, eta ahozko epaiketa hasteko eskaera egin du. Ondorioz, sumarioa ez da Gernikako Epaitegian izapidetuko, Bizkaiko Auzitegiak bere gain hartuko baitu ikerketa hemendik aitzinera.
Hortaz, euskal saskibaloiaren munduan ohiartzun handia eta atsekabea eragin zituen kasua hurrengo fasean sartuko da. Gogoratu behar da iazko abenduan ezagutu zirela lehen aldiz gertakariak. Abusuak 1998 eta 2001 urte artean gertatu ziren, entrenatzailea eskola taldearen eta Gernika klubaren buru zenean.
Erasoak 1998ko udan hasi ziren, biktimak 13 urte besterik ez zituenean eta Allende Salazar ikastetxean ikasten ari zenean. Bertan, Mario Lopez zuen entrenatzaile, hura baino 18 urte zaharragoa, eta, ondoren, saskibaloi taldean ere batera egon ziren, hiru urtez. Biktimak 2003an utzi zuen kluba, eta Lopezek hamarkada bat baino gehiago jarraitu zuen taldeko buru gisa.
Salaketaren berri izan ondotik, Espainiako Saskibaloi Federazioak ebazpen bat helarazi zion klubari, eta, horren ostean, Lointek Gernikako kirol zuzendaritzatik baztertu zuten akusatua. Klubak argitu zuen ez zuela gertatutakoaren ezta salaketaren berririk ere.
Auzi honetako epaiketak badu dagoeneko data. Urtarrilaren 14tik 16ra egingo da, Bizkaiko Auzitegian.