Gizartea -

Dispositibo berezia

Donostia, Bilbo eta Gasteizen segurtasun neurriak indartuko dituzte gaur, Europako kirol norgehiagokak tarteko

Segurtasun neurri zorrotzenak Gipuzkoako hiriburuan hartuko dituzte, Reala-Anderlecht futbol partida arrisku handikoa baita. Amara Berri auzoa blindatuta egongo da, eta inguruko ikastetxeek lehenago bukatuko dituzte eskolak. San Mames eta Buesa Arena ere zaintzapean egongo dira.

Reale Arenan ezarritako aurreko dispositibo bat. Artxiboko argazkia: EFE
Reale Arenan ezarritako aurreko dispositibo bat.
Reale Arenan ezarritako aurreko dispositibo bat. Artxiboko argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kirol esparruan hitzordu garrantzitsuak daude gaur EAEko hiru hiriburuetan, Europako futbol eta saskibaloi txapelketetako partidak baitaude. Norgehiagokok kirolean ez ezik, segurtasunean ere izango dute eragina, Ertzaintzak dispositibo bereziak antolatu baititu Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Gipuzkoako hiriburukoak eragin du kezka gehien, Realak Belgikako Anderlecht taldearekin duen Europa Ligako partidak (18:45ean, Reale Arenan), alegia. Izan ere, Ertzaintzak eta Donostiako Udaltzaingoak arrisku handikotzat jo dute. 

Donostia bera, bereziki Amara Berri auzoa, blindatuta egongo da, 16:30etik aurrera. Inguruko trafikoa itxita egongo da Pio XII plazaren eta estadioaren artean, 19:00ak arte. 

Belgikako 300 bat zale ultra espero dira hiriburuan. Europako jarraitzaile talde arriskutsuenetako bat da Anderlechtena, eta Bilbon 2014an egon zirenean, Ertzaintzak lau kide atxilotu zituen, istiluak eragitea egotzita. 

Estadiotik gertu dagoen Amara Berri ikastetxeko haurrei ere eragingo die partidak, ohi baino lehenago amaituko baitituzte eskolak, 15:30ean. Eskolaz kanpoko ekintzak ere bertan behera geratu dira. Atzo, gurasoek protesta egin zuten, futbolaren mesedetan gainerako guztia bigarren mailan geratzen delako. 

''Denok gara Realzaleak, baina zein preziotan?''
''Denok gara Realzaleak, baina zein preziotan?''
''Denok gara Realzaleak, baina zein preziotan?''

1:12

Bilbon, ordu batzuk geroago jokatuko da Athletic Club-AZ Alkmaar (21:00etan, San Mamesen). Partida hori ez da arrisku handikoa, baina badaezpada ere, 300 ertzain eta udaltzaingo baino gehiago izango dira San Mames eta Bilboko Zazpi Kaleak zaintzen. Halaber, Ertzaintzak San Mames ingurua hesitu du.

AZ Alkmaarreko Ben Side ultra taldeak iaz istilu larriak eragin zituen Europako Konferentzia ligako finalderdietan West Ham taldearen kontrako norgehiagokan, eta aurrez ere arazoak sortu izan ditu han eta hemen. 

Futbol partidak dauden guztietan bezala, ezingo da inguru horretan aparkatu. 

Neurri apalagoekin jagongo dute Ertzaintzak zein Udaltzaingoak Baskoniak Partizan Belgrad taldearen kontra Buesa Arenan jokatuko duen partidaren ingurua.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Athletic Futbola Kirolak Reala Saskibaloia Baskonia Bilbo Donostia Ertzaintza Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak