Gizartea -
EUSKARA
Atzera bota dute UGTk Euskotreneko egonkortze prozesuko euskara eskakizunak baliogabetzeko egindako eskaria
UGTk berak enpresaren lan-hitzarmenean ontzat emandako hizkuntza irizpideak dira egonkortze prozesuan ezarritakoak. Gaia aztertu duen epaileak dio hautaprobetako euskara eskakizunak hitzarmenarekin zein enpresak onartutako euskara planarekin bat datozela.
ETB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak ez du ontzat eman Euskotreneko langileen egonkortze prozesuan ezarritako euskara eskakizunak baliogabetzeko UGT sindikatuak jarritako eskaera. Ebazpenaren arabera, UGTk inpugnatutako hizkuntza eskakizunak aurretik sindikatuak berak enpresa horren hitzarmen kolektiboan ontzat eman zituen eta, ondorioz, ez du demanda aurkezteko zilegitasunik.
Hain zuzen, Euskotrenen hitzarmenaren 50. artikuluak zehazten ditu lanpostu bakoitzerako hizkuntza eskakizunak eta, hori oinarri hartuta, hautaketa probetan euskarazko B2 maila eskatu da. Gaia aztertu duen epaileak dio egonkortze prozesuan ezarritako euskara eskakizunak hitzarmenarekin zein enpresak onartutako euskara planarekin bat datozela, eta ondorioz, legea behar bezala aplikatu dela.
UGT bera hitzarmenaren sinatzaileetako bat eta enpresako Euskara Batzordeko kide dela ere badio ebazpenak, eta negoziazio kolektiboan ontzat emandako irizpideak epaitegietan salatzea egozten dio. B2 hizkuntza eskakizuna "baztertzailea" dela argudiatu zuen UGTk.
Ohar bidez, ELA sindikatuak txalotu egin du Justizia Auzitegi Nagusiaren erabakia. "UGTren euskararen eta gaztelaniaren ezagutzak parekatzearen aurkako obsesioak sindikatuak berak defendatutako aurreko posizioekin kontraesanak sortu ditu eta agerian utzi sindikatu horren inboluzioa", esan du ELAk.
UGTren eskaera Garbiñe Biurrun epailea buru duen Lan Arloko salak ebatzi du.