Gizartea -

MIGRAZIOA

Aske utzi dituzte migratzaileei muga pasatzen laguntzeagatik Hendaian atxilotutako zazpi ekintzaileak

Hendaiako Auzitegian deklaratu dute goizean zazpi ekintzaileek, eta epaileak behin- behinean 24 orduko atxiloaldia ezarri die. 15:30 pasatxotan askatu dituzte.

Irudia: EITB
Irudia: EITB
Atxilotu egin dituzte migratzaileei muga pasatzen laguntzeagatik Hendaian gaur deklaratu duten 7 ekintzaileak

0:44

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Euskal Herriko zazpi ekintzaile deklaratzera deituta zeuden asteazken goizean, Hendaian, "talde antolatuan" migratzaileei muga pasatzen lagundu eta aterpea emateagatik. Deklarazioa hartu ondoren, epaileak behin-behinean 24 orduko atxiloaldia ezarri die, baina arratsaldeko lehen orduan aske utzi dituzte.

Deitutakoak 08:45ean agertu dira Hendaiako komisariaren aurrean, babesa adierazi dieten eragile askoren ordezkariek lagunduta, eta banan-banan sartu dira komisariara. Orduan, baina, poliziek jakinarazi diete atxiloaldian daudela. Atxilotuak sei orduz zaintzapean izan dituzte eta, isilik egoteko eskubidea erabili dute denbora horretan.

Aske utzi badituzte ere, 2025eko urtarrilaren 28an auzitegira joateko deitu dituzte.

Zazpi ekintzaileak oso ezagunak dira. Tartean dira LAB sindikatuko bi kide, Eñaut Aramendi eta Argitxu Dufau. Sindikatuko koordinatzaile nagusi Igor Arroyok Irungo mugan migratzaileei ematen zaien laguntza defendatu du. "Guk esan nahi duguna da kide hauek egindakoak LAB sindikatu osoak babesten dituela. Langile migratuei laguntza ematea klase elkartasuna praktikan jartzea da", adierazi du Arroyok.

"Euskal Herria, harrera herria" lelopean, hirurehun lagunen baino gehiagoren babesa izan dute polizia etxera iritsi direnean, horien artean, Fermin Muruguzarena, Bidasoa 2018-2023 dokumentalaren zuzendariarena. Abeslari irundarrak "oso larritzat" jo du gertatutakoa.

Ekintzaileetako bi atxilotu zituzten aurretik ere, autoan pertsona migratzaileak eramateagatik.

Atxilotuei leporatzen zaizkien gertakarien artean, joan den martxoan Korrikaren lehendabiziko egunean egindako desobedientzia ekintza egon daiteke. Euskararen aldeko lasterketa 36 pertsona migratzaileri muga zeharkatzen laguntzeko baliatu zutela jakinarazi zuten hainbat eragilek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoako albisteak Iparraldea berriak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Irun bideoak Gaurko azken orduko albistea Bidasoa Irun eskubaloi taldea