Gizartea -

Polemika

EHUk genero indarkeriaren aurkako prozedura abiatu du sarean mezu matxistak kaleratu zituen irakaslearen aurka

Unibertsitateak ohar bidez jakinarazi duenez, prozedura amaitu arte eta "kautelazko neurri gisa", ordezko irakasleak ez du irakaskuntza lanik egingo. EHUren iritzian, maisuak argitaratutako iruzkinak "erakunde akademiko honen balioen guztiz kontrakoak dira".

Irakasleak ikasle utzi zuen unea, joan den irailaren 27an. Argazkia: EITB Media
Irakasleak ikasle utzi zuen unea, joan den irailaren 27an.
Irakasleak ikasle utzi zuen unea, joan den irailaren 27an. Argazkia: EITB Media

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Berdintasun Zuzendaritzaren bitartez, Genero Indarkeriaren aurkako EHUren Protokoloan zehaztutako prozedura ireki du sareetan mezu matxistak, homofoboak eta arrazistak egin zituen ordezko irakaslearen kontra, EHUk berak ohar bidez jakinarazi duenez. 

Ondorioz, kautelazko neurri gisa eta prozedura amaitu arte, irakasleak ez du irakaskuntza lanik egingo. Prozedura "ahalik eta lasterren" bukatzeko asmoa agertu du erakundeak. Irakasleak badu erabakiaren berri, EHUko kideak berarekin bildu baitira, Aitor Zubimendi EHUko idazkari nagusiak Radio Euskadiri baieztatu dionez. 

Atzo bertan, hura kanporatzeko eskatu zuten haren ikasleek, eta ukatu egin zuten irakaslea "bere borondatearen aurka atxikita" egon zela. 

Unibertsitateak gaurko oharrean dioenez, irakasleak sare sozialetan egindako iruzkin eta balorazioak "euskal unibertsitate publikoaren printzipio eta balioekin erabat bateraezinak dira", eta erantsi du horregatik gaitzetsi zituela, ikasleen kexa baten bidez, horien berri izan ondoren. 

Era berean, irakasleak pairatutako "hertsapen eta mehatxu ekintzak" irmo gaitzetsi ditu EHUk. Horren inguruan zehaztu duenez, joan den irailaren 26an, irakasle baten bulegoko atea eta hormak pintura gorriz estali zituzten, eta irainez bete.

Hurrengo egunean, irakaslea eskola ematera joan zen, baina gazte talde batek "oztopatu egin zuen" eskola hastea eta gainerako ikasleei ikasgelara sartzea "galarazi" zieten. EHUren arabera, gazte horiek "ez zioten ikasgelatik irteten utzi irakasleari. Bi orduz izan zuten atxikita bere borondatearen kontra, oihu eta mehatxu artean, eta harekin batera laguntzera joandako unibertsitateko zenbait langile. 13:15ak pasatxo zirenean, irakaslea gelatik atera zen, segurtasun agenteek babestuta".

Mezuak, Fiskaltzaren esku

Halaber, erakundeak baieztatu duenez, EHUk idatzia helarazi dio Fiskaltzari irakasleak sareetan egindako iruzkinekin, delitu diren argitu dezan. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak Matxismoa Feminismoa Irakasleak