Gizartea -

Epaiketa

Aintzane Pujana hiltzea egozten zaion bikotea beste emakume bat "prostituitzen saiatu" zen hilabete lehenago

Ikerketaren ardura izan duen ertzainak azaldu duenez, akusatuta dagoen gizonak aurrekari "larriak" ditu, bai genero indarkeriagatik, bai arma zuriz egindako erasoengatik.

Epaiketako une bat. Argazkia: EFE.
Epaiketako une bat. Argazkia: EFE.
Epaiketako une bat. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aintzane Pujana gazte donostiarra bahitu, prostituitzera behartu eta hiltzea egozten zaion bikoteko kideak hilabete lehenago beste emakume bat "prostituitzen saiatu" zirela azaldu du ikerketa burutu duen Ertzaintzako agenteak, epaiketaren hirugarren egunean.

2021eko urtarrilean hil zuten Aintzane Pujana, labankadak emanda. Egunotan, bi pertsona ari dira ikertzen, gizon bat eta emakume bat, hilketarekin lotuta daudelakoan, Gipuzkoako Auzitegiko Hirugarren Aretoan. Epaiketaren hirugarren egunean, zortzi lekukok eman dute testigantza, tartean, instrukzioaren ardura izan duen ertzainak. Bere hitzetan, Gipuzkoan azken urteetan izan den "ikerketarik trinkoena" izan da hau.

Ikerketako puntu ugari azaldu ditu agenteak, besteak beste, akusatuen autoa gorpua aurkitu baino bi egun lehenago atzeman zutela, gorpua nola aurkitu zuten eta nola joan ziren gertaerak argitzen.

Horrez gainera, ertzainaren hitzetan, akusatutako bikotea beste emakume bat "prostituitzera behartzen saiatu zen" Errenterian, Aintzaneren hilketa baino hilabete lehenago.  Bikoteak "gutxigatik" ez zuela helburua lortu azaldu du.

Era berean, akusatutako gizonezkoak dituen aurrekarien berri eman du: "arma zuriz egindako erasoengatik 11 aurrekari eta genero indarkeriako beste hainbat aurrekari larri".

Asteleheneko sesioan Aizarnazabalgo alkateak deklaratu du, Aintzane Pujanaren gorpua aurkitu zuenetako bat izan baitzen. Gorpua "erdi-biluzik" zegoela azaldu du, "auto batetik bota izan balute bezala".

Beste lekukotza aipagarri bat urte batzuk lehenago Aintzane eta akusatutako emakumea artatu zituen psikiatrarena izan da. Bere hitzetan, biek ala biek jokabide-nahasmenduak zituzten. Gainera, Aintzane pertsona zaurgarri eta manipulagarritzat jo du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Erailketak