Gizartea -
Euskal Herriko Unibertsitatea
EHUk eskolak ematea debekatu dio, behin-behinean, ostiralean ikasle talde batek atxikita izan zuen irakasleari
Sare sozialetan iruzkin matxista eta homofoboak egin izana leporatzen diote ikasleek, eta hori aztertzeko behin-behinean baztertu du unibertsitateak ardura horretatik. Unibertsitatearen baloreekin bat ote datozen ikertuko du orain errektoretzat.
EITB MEDIA
Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) eskolak ematea debekatu dio, behin-behinean, ostiralean ikasle talde batek jazarritako irakasleari. Sare sozialetan iruzkin matxista eta homofoboak egitea egozten diote ikasleek irakasleari, eta mezu horiek unibertsitatearen baloreekin bat ote datozen ikertuko dute orain.
Gaur eta ostiralean zen atzera lanera itzultzekoa, 3. mailako ikasleei zuzenbide eskolak emateko. Irakaslea astebete egongo da eskolarik eman gabe, gutxienez. Gertakariak irailaren 27an jazo ziren, ostiralean, Bizkaiko campuseko Zuzenbide Fakultatean, ikasle talde batek ordezko irakasle bat bi orduz atxikita izan zuen orduan. Unibertsitatetik babestuta atera behar izan zuten segurtasun langileek, "ohiu eta mehatxu artean".
Ikasleek salatu dute ordezko aritzeko kontratatu duten irakasleak sare sozialetan egin dituen mezu faxista, arrazista, matxista eta xenofoboak. Hori izan zen joan den ostiralean haren kontrako protesta egiteko arrazoia.
Gaur, "Faxistak kanpora" oihu artean, 300 ikaslek baino gehiagok elkarretaratzea egin dute eta asanbladan komunikatu bateratua egin dute: kontratua etetea eskatu diote EHUri. Ikasleen arabera, abortoaren kontrako mezuez gain, irakasleak falanjearen mezuak zabaldu ditu bere sareetan.