Gizartea -

Hizkuntza koofizialak

Espainiako Gobernua Europako Justizia Auzitegira jotzeko prest dago, euskara EBn ofiziala izan dadin

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroaren esanetan, ez dago euskara, katalana eta galiziera Europar Batasuneko hizkuntza-erregimenean sartzea eragozteko "benetako oztoporik" eta auzia politikoa dela azpimarratu du. Espainiako Gobernuarentzat, "helburu ukaezina" da lortzea.

Europako Parlamentuaren kanpoaldea. Artxiboko argazkia: Pixabay
Europako Parlamentuaren kanpoaldea.
Europako Parlamentuaren kanpoaldea. Artxiboko argazkia: Pixabay

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Manuel Albares Espainiako Gobernuko Atzerri gaietako, Europar Batasuneko eta Lankidetzako ministroak ez du baztertu Europako Justizia Auzitegira jotzea euskara, katalana eta galiziera Europar Batasunean ofizialak izan daitezen.

Espainiako Gobernuak duela urtebete pasatxo, 2023ko abuztuan, eskatu zuen hiru hizkuntzak Europar Batasuneko hizkuntza-erregimenean sartzea. Sanchezen inbestidura babestearen truke, Juntsekin lortutako akordio bat zuen oinarri eskaerak. Ordutik, baina, auzia atzeratzen ibili dira 27ak. 

Albaresek gaur Catalunya Radio irrati katean egindako elkarrizketa batean nabarmendu duenez, ofizialtasunari baiezkoa emateko "benetako oztoporik ez" dago; zinez, Europako Alderdi Popularrak ultraeskuinarekin koalizioan zuzendutako herrialdeen "errezelo politikoak" daude atzean. Horren harira, Espainiako PPri eskaera babesteko deia egin dio, beste behin. 

"PPren babesa gorabehera, lortuko dugulakoan nago, eta bestela prest nago Europako Justizia Auzitegira joateko, beharrezkoa balitz", aurreratu du. Dena dela, aitortu duenez, "aukera hori urrun dugu oraindik". 

Albaresen ustez, arazoa ez da itzultzaile falta: egon badaude, eta teknologia berriekin "oso erraza litzateke", horren hitzetan. Kostu aldetik ere ez litzateke arazo izango, "Espainia bere gain hartzeko prest dagoelako ", gaineratu du. Beste hizkuntza minorizatu batzuentzat aurrekaria izan daitekeenik ere baztertu du ministroak. Azaldu duenez, eskaerak Espainiak bakarrik betetzen dituen hainbat baldintza txertatu dituzte (hizkuntzan Konstituzioan egotea, dagokion estatuko parlamentuan erabiltzea edota Europako erakundeekin itun administratiboak egotea). 

"Hiru hizkuntzen ofizialtasuna lortzea helburu ukaezina da Espainiarentzat", nabarmendu du ministroak. Bestalde, hizkuntzok Europako Parlamentuan erabili ahal izateko bidea ere jorratzen ari direla azaldu du. Antza, gutuna bidali berri dio Roberta Metsola ganberako presidenteari; asmoa da berarekin urrian biltzea eta auzia gai-zerrendan sartzea, eztabaidatu ahal izateko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Politika Nazioartea Europar Batasuna Espainiako Gobernua Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua