Gizartea -
Ipar Euskal Herria
2025eko apiriletik aurrera gehien kutsatzen duten ibilgailuentzat debekua, Hendaia eta Tarnose bitartean
Euskal Hirigune Elkargoak proposatu du, Frantziako Gobernuaren eskaerari erantzunez. Orain prozesu parte-hartzailea jarriko da abian, baina gutxieneko hori beteko dela ziurtatu du Elkargoak.
EITB
2025eko apiriletik aurrera, gehien kutsatzen duten ibilgailuek debekatuta izango dute Hendaia eta Tarnose (Landetako herria) bitartean ibiltzea.
Hala erabaki du larunbat honetan Euskal Hirigune Elkargoak, goizean egin duen bileran. Proposamena da oraingoz, baina legez ezarri beharreko gutxienekoa dela azaldu du Joseba Erremundegi Elkargoko ordezkariak.
0 eta 5 bitarteko eskalan sailkatzen dira autoak Frantziako estatuan, kutsadura mailaren arabera, eta hain zuzen ere 5. mailan sailkatzen direnei ezarriko zaie debeku hori. Zehazki 1999a baino lehen matrikulatutako diesel autoei eragingo die neurriak, onartuz gero.
11 herriri eragingo dio arauak, eta salbuetsita geldituko dira A-63 eta A-64 autobideak.
Frantziako Gobernuak eskualde bakoitzari eman dio emisio gutxiko eremuak zehazteko ardura, legez bete beharreko gutxiengo batetik abiatuta betiere.
Erremundegik EITBri azaldu dionez, Elkargoak proposatu duena, hain zuzen ere, legeak ezarritako gutxieneko hori da, eta, beraz, bai ala bai bete beharrekoa izango da.
Hala ere, hemendik aurrera prozesu parte-hartzailea jarriko da abian, eta kontsulta fasea bukatutakoan hartuko dute behin betiko erabakia.
Lege bera mugaren bi aldeetan desberdin ezarriko dela eta, bi aldeek komunikazio plana elkarrekin lantzea nahitaezkoa jo du Euskal Hirigune Elkargoak, herritarrak ondo informatu eta ez nahasteko.