Gizartea -

Migrazioa

Bederatzi pertsona hil eta 48 desagertu dira Hierrotik gertu kaiuko bat irauli ondoren

90 pertsona zihoazen kaiukoan ezbeharra izan denean. Erreskate taldeak laguntzera joan direnean, urduri jarri dira bidaiariak, eta asko zutitu direnean, irauli egin da.

Hierrora heldu diren kaiukoak. Argazkia: EFE
Hierrora heldu diren kaiukoak. Argazkia: EFE
Hierrora heldu diren kaiukoak. Argazkia: EFE

Agentziak| EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hierro uharteko larrialdi zerbitzuek 9 gorpu berreskuratu dituzte eta gutxienez 48 lagunen bila ari dira, bart kaiuko bat irauli ostean. 27 pertsona bizirik erreskatatu dituzte. Las Playas inguruko kostaldean gertatu da, Valverde udalerrian. Itsas Salbamenduak jakitera eman duenez, kaiukoa erreskatatzear zirenean irauli da, bidaiari asko zutik jarri ostean.

Ontziko bidaiariek bi egun zeramatzaten urik eta janaririk gabe, ur gazia edan behar izan dute, eta larri eta urduri zeuden. Hala, etsipen-egoera horretan, erreskatea hasi denean, izua zabaldu da, eta une horretako zalapartan, ontzia irauli egin da.

Kaiuko horretako bidaiari guztiak gizonezkoak ziren, eta berreskuratutako gorpuetako bat 12 eta 15 urte bitarteko nerabe batena da, larrialdi zerbitzuetako iturrien arabera. Halaber, salbatu dituzten 27 pertsonetako 25 La Restingara eraman dituztela eta 2 helikopteroz eraman dituztela gaineratu dute.

Kaiukoko bidaiariek eurek deitu dute 112 zenbakira, eta erreskatea 03:00ak aldera abiatu dute.

Guztira, 90 gizon zihoazen ontzian, horietako batzuk nerabeak, eta Mauritaniatik irten ziren.

Guztira hiru kaiuko iritsi dira bart Hierrora, iraulitakoa ere zenbatuta, eta oraingoz aurkitu ez duten laugarren baten bila ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Kanariak