Gizartea -
Elkarrizketa Euskadi Irratian
Perez Iglesias: "Duplizitaterik ez dago, Ikerbasquek ekarpena egingo dio Ikasketa Aurreratuen Zentroari"
Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuaren arabera, Ikerbasquek funtzio "esanguratsua" izango du Ikasketa Aurreratuen Zentroan.
O. A. | EITB Media
EAEko zein nazioarteko ikertzaile zuzendutako Ikasketa Aurreratuen Zentroa izango denak eta orain arte ikerketara bideratuta egon diren zentroak —Ikerbasque, kasurak— elkarlanean arituko direla nabarmendu du Juan Ignacio Perez Iglesias Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburuak.
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, ez da duplizitaterik sortuko; "kontrara, Ikerbasquek egingo dio ekarpena zentro horri". Halaber, Ikerbasquek funtzio "esanguratsua" izango duela aurreratu du, xehetasun gehiagorik eman gabe.
Bestalde, ikerketa eta berrikuntzako eremu batzuetan ahalegin berezia egitearen alde agertu da Perez Iglesias. Zeintzuk diren zehaztu ez badu ere, bi irizpide aipatu ditu balizko aukeraketa egiteko. Batetik, uste du "daukagun kalitatea" baliatu behar dela herri gisa "zertan garen onak" kontuan hartuta, eta, bestetik, Eusko Jaurlaritzak estrategikotzat jotzen dituen arloen aldeko apustua egin behar dela.
Azkenik, Gasteizen sortu berri den EUNEIZ unibertsitatearen gainean, berriz, ardura agertu du. Edozein kasutan, Perez Iglesiasek adierazi du kalitate agentziak gertutik egingo diola jarraipena unibertsitateari, kalitate irizpideak betetzen ote dituen zehazteko.