Gizartea -
polemika
Sarduik barkamena eskatu die emakumeei: "Deklarazioak lekuz kanpo daude, ez dut horrela pentsatzen"
150 emakumezko musikarik egindako kritikei erantzunda, bideo laburra eskegi du Gatiburen abeslariak sare sozialetan. Nabarmendu duenez, "25 urte ibili gara emakumeak defendatzen" eta egindako adierazpen "eskasak" ez dira bere "logikan sartzen".
EITB Media
Alex Sardui Gatiburen abeslariak atzera egin du eldiario.es-i emandako elkarrizketa batean egindako adierazpenetan —euskal musikagintzan genero diskriminaziorik egon ez dela esan zuen—, eta barkamena eskatu die "emakumeei orokorrean, eta gehienbat, euskal musikan dabiltzan emakumeei". "Deklarazioak lekuz kanpo daude, ez dut horrela pentsatzen", azpimarratu du.
150 emakumezko musikarik agiri bateratua kaleratu dute bart Sarduiren hitzak salatzeko. Euren ustez, adierazpenak "oso larriak" dira, andrazkoen "errealitatea baztertzen" dutelako eta jasandako oztopoak "minimizatzen" dituztelako. Handik gutxira, abeslari bizkaitarrak bideo laburra eskegi du Gatiburen Instagrameko profilean. Aitortu duenez, adierazpenak "eskasak" dira, eta agiriaren sinatzaileek "arrazoia dute".
"25 urte ibili gara emakumeak defendatzen", nabarmendu du; "hau ez da nire logikan sartzen".
"Sentitzen dut" esanez agurtu du bideoa.
Radio Euskadin elkarrizketa laburra egin diote gaur Sarduiri. Uste du musikari feministen erreakzioa "justua eta neurrizkoa" izan dela, eta damututa azaldu da. "Benetan nago damututa, hanka sartu dut", gaineratu du.