Gizartea -

EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA

Ia 6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian

Espainiako Gobernuak egin berri duen ikerketa baten arabera, prostituzioan ari diren emakumeen erdia inguru Latinoamerikakoak dira, eta % 28k 18 eta 24 urte artean dituzte.

Sexu-esplotazioaren kontrako ekitaldi bat.
Sexu-esplotazioaren kontrako ekitaldi bat.
Sexu-esplotazioaren kontrako ekitaldi bat.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ia 6.000 emakume ari dira prostituzioan Hego Euskal Herrian, horietatik 5.158 EAEn eta 817 Nafarroan. Horrez gain, hamarretik zortzi sexu-esplotazioa helburu duen pertsonen salerosketaren biktima izateko arriskuan daude.

Espainiako Gobernuaren Genero Indarkeriaren Aurkako Ordezkaritzak egin berri duen ikerketa batek utzi ditu datuok, eta joan den astean eman zituen jakitera Ana Redondo Berdintasun ministroak, Sexu-esplotazioaren eta Pertsonen Salerosketaren Aurkako Nazioarteko Egunaren —gaur da eguna— bezperatan.

'Emakumeen salerosketari, sexu-esplotazioari eta prostituzioari buruzko makroikerketa: hurbilketa kuantitatiboa' goiburupean, aitzindaria da azterketa Europan. Besteak beste, Interneten publikatutako 654.000 prostituzio iragarki aztertu dira, eta ondorioetako bat da Espainiako Estatuko emakumeen (18 urtetik gorakoak) % 0,56 prostituzioarekin lotutako jardueraren batean ari direla. Hala, batez beste, 10.000 emakumetatik 56 dago egoera horretan.

Emakumeen jatorria eta adina ere aztertu dira azterlanean. Erdiak baino gehiago, % 51, hegoamerikarrak dira eta % 16 europarrak. Kasuen % 29an jatorria ez da ezagutzen. Adinari dagokionez, berriz, % 28k 18 eta 24 urte artean dituzte, eta % 32k, 25 eta 36 artean.

Redondo ministroaren arabera, "aitzindaria" da ikerketa, "lehen aldiz datuak" eta "arazoaren dimentsioa" jarri dituelako mahai gainean. Horiekin, "eztabaida soziala eta politikoa zabaltzea" espero duela erantsi du. Joan den astean aurkeztutakoa ikerketaren aurrerapena da. Urrian ezagutaraziko dute osorik azterketa.

Emakunde Emakumeen Euskal Erakundeak eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek 2021ean lantalde bat osatzea adostu zuten, EAEn emakume eta neskatoen salerosketa eta sexu esplotazio kasuen aurrean ekiteko protokoloa lantzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa