Gizartea -

EGURALDIA

Larunbat arratsaldeko euri-jasa bortitzek uholdeak utzi dituzte Auza herrian, Ultzaman

Ekaitz estatikoek 132,6 litro ur bota dituzte metro koadroko Eltzaburun eta inguruetan. Bestalde, A-10 errepidea itxi behar izan dute Arakilen, Iruñerako noranzkoan, uholdeengatik.

Uholdeak Auza herrian. Argazkia: Sandra Iraizoz.
Uholdeak Auza herrian. Argazkia: Sandra Iraizoz.
Euri-jasek eragindako kalteak garbitzen eta zenbatzen ibili dira gaur Ultzamako bizilagunak

0:40

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ultzama ibarreko bizilagunek larunbat arratsalde-gau gogorra bizi izan dute eskualdean izan diren euriteen ondorioz. Ekaitz estatikoek 132,6 litro ur bota dituzte metro koadroko larunbat arratsaldean Eltzaburun.

Prezipitazioen ondorioz, ibaiak gainezka egin du Auza herrian, eta zenbait etxabe urpean geratu dira. Urak metro erdiko altuera harrapatu du.

Nafarroako herri horretako bizilagunek argazkiak eta bideoak argitaratu dituzte sare sozialetan, aurretik inoiz bizi izan ez duten zerbait erakusteko:

Irudietan argi ikusten da herriko hainbat kale eta haur parke bat urak hartuta:

Sakanan ere arazoak eragin ditu euriak zirkulazioan. A-10 autobidea itxi behar izan dute Arakil parean, Iruñerako noranzkoan, uholdeengatik.

Nafarroako erdialdean alarma gorria ezarri dute 21:00etatik gauerdira arte.

Ultzamako ur-goraldiaren bilakaera ikusi beharko da datozen orduetan. 21:30 aldera, ibaiak ez du arazorik eragin Atarrabia aldean, baina gauean horri begira egon dira:

Ondorengo orduetarako iragarpenari dagokionez, igandean, giro ezegonkorrak jarraituko du, baina egunaren amaieran lasaitzera egingo du. Zerua hodeitsu egongo da, eta zaparradak eta ekaitzak bota ditzake goizean goizetik. Mendebaldeko haizea ibiliko da hasieran, eta ipar-mendebaldekoa sartuko da arratsaldean. Tenperaturak behera egingo du.

Astelehenean, udazkenaren hasieran, giroa lasaiagoa izango da. Hegoaldean, zerua hodei gutxirekin agertuko da; iparraldean, berriz, hodei gehiago ikusiko ditugu, baina ostarteak ere zabalduko dira. Kostaldean, hodeitza ugariago izan daiteke, eta baliteke egunaren lehen zatian euri pixka bat egitea, batez ere Lapurdin. Mendebala ibiliko da, baina arratsaldean ipar-mendebaldekoa nagusituko da, eta zakarrago joko du kostaldean. Tenperaturak berdintsu jarraituko du, eta ozta-ozta gaindituko du 20 ºC-ko langa.

Asteartean eta asteazkenean, ildo beretik jarraituko du eguraldiak, eta ostegunean, okerrera egingo du eta euria egitea espero da.

Kontsultatu eguraldiaren iragarpena, eta bidali argazkiak eta bideoak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Atarrabia