Gizartea -
Hernani
Emakume bat atxilotu dute Hernanin, bizilagunen etxera balkoitik pasatu eta horietako bat sastatzeagatik
Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, 06:00ak aldera gertatu da erasoa. Emakume batek 112ra deitu du, bizilagun bat bere etxera sartu eta arma zuriz eraso egiten hasi zaiela esateko. Erasotzailea emakume horren kontra hasi da, eta semea ama babesteko tartean sartu denean jaso du sastada.
EITB
Ertzaintzak 58 urteko emakume bat atxilotu du Hernanin, bizilagunen etxera sartu eta gizon gazte bati labanaz eraso egin ostean.
Segurtasun Sailak ohar baten bidez azaldu duenez, larunbateko 06:00ak inguruan gertatu da erasoa. Erasotzailea balkoitik sartu da bizilagunen etxera, zaratak esnatuta etxe horretan bizi den emakumea ohetik jaiki eta sukaldera joan da, eta han aurkitu du bizilaguna. Erasotzailea labana bat sartzeko imintzioka eta oihuka hasi zaio orduan etxeko jabeari.
Oihuek esnatuta agertu da sukaldean emakumearen semea, eta ama babesten saiatu denean sartu dio bizilagunak labana sabelean. Ama larrialdi zerbitzuei deika ari zen ordurako.
Bertaratutako ertzainek bi aldeak banandu dituzte, eta 58 urteko emakumea atxilotu dute, etxebizitza horretara baimenik gabe sartzea, lesioak eragitea eta giza hilketa saiakera egotzita.
Atxilotua ertzain-etxera eraman dute, beharrezko eginbideak egitera, eta zauritua anbulantzian eraman dute ospitalera.