Gizartea -

Erronka demografikoak

Jaurlaritzak 24 astera luzatuko ditu amatasun eta aitatasun baimenak

Bestalde, haurrek 7 urte bete arte luzatuko dituzte orain arte 3 urtetik beherako umeen gurasoek jaso dituzten 200 euroko laguntzak, eta familia ugarien eta gurasobakarren kasuan, 7 urtetik 10era luzatuko da 100 euroko laguntzak jasotzeko adin tartea.

Un bebé amamantando. Foto: Pixabay (Licencia CCO)
Un bebé amamantando
Un bebé amamantando. Foto: Pixabay (Licencia CCO)

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburuak agerraldia egin du gaur Legebiltzarrean, bere sailak hamahirugarren legegintzaldian garatuko duen programa aurkezteko. Programaren helburua izango da erronka demografikoari helduko dioten eta belaunaldi guztientzat bizi kalitate hobea sustatuko duten ongizate politika integratuak, zeharkakoak eta interkonektatuak garatzea, epe luzera gizarte orekatu eta jasangarriagoa ziurtatzeko.

Nerea Melgosarekin batera izan dira Eusko Legebiltzarrean Lide Amilibia sailburuordea, Miren Saratxaga Gazteriako zuzendaria eta Igone Martínez de Luna Kabineteko zuzendaria.

Erronka demografikoa eta etorkizuneko erronkak

Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia abiapuntu hartuta, Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailak ekintza garrantzitsua garatuko du arlo honetan.

Haurrei eta nerabeei dagokienez, Haurren eta Nerabeen Lege berria hedatu eta Haurren eta Nerabeen Foroa sustatuko du, baita HaurEkin —Haurren Hirien eta Herrien Euskal Sarea— ere, haur parametroa tokiko politikan txertatzearen aldeko apustua egiten duen proiektua.

Familien arloan, Jaurlaritzak 24 astera luzatuko ditu amatasun eta aitatasun baimenak. Bestalde, haurrek 7 urte bete arte luzatuko dituzte orain arte 3 urtetik beherako umeen gurasoek jaso dituzten 200 euroko laguntzak, eta familia ugarien eta gurasobakarren kasuan, 7 urtetik 10era luzatuko da 100 euroko laguntzak jasotzeko adin tartea.

Harreragune esperientzia pilotua ere jarriko dute abian, harrerarako eta integrazioan laguntzeko leihatila bakarra oinarri duena.

Azkenik, eta elkarbizitzari, aniztasunari eta belaunaldien arteko elkartasunari dagokienez, honakoak planteatuko ditu: sexuagatik, adinagatik, arrazagatik edo etniagatik, erlijioagatik edo sexu orientazioagatik inor ez diskriminatzea zainduko duten plan espezifikoak lantzea; tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren aldeko politiketan eta bullying, homofobia edo mobbing jarrerak prebenitu eta desagerrarazteko politiketan prestakuntza emateko planak garatzea; tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren euskal legea bultzatzea; eta EAEko kultu-lekuei edo -zentroei eta erlijio aniztasunari buruzko legea araudi bidez garatzen hastea, besteak beste.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Umeak