Gizartea -
Urtaro berria
Igande honetan hasi da udazkena, 14:44an
Udazkenak 89 egun eta 21 ordu iraungo du, gutxi gorabehera, eta abenduaren 21ean amaituko da, orduan hasiko baita negua.
EITB Media
Igandean, irailaren 22an, hasi da udazkena, 14:44an, hain zuzen ere. Eguraldi ezegonkorrarekin sartu gara urtaro berrian. Izan ere, asteburu osoan zaparradak eta ekaitzak izan dira nagusi gurean.
Udazkenak 89 egun eta 21 ordu iraungo du, gutxi gorabehera, eta abenduaren 21ean amaituko da, orduan hasiko baita negua.
2024ko udazkenean, eguzki eklipse anularra izango dugu. Urriaren 2an izango da, eta Pazifikoan eta Hego Amerikan ikusi ahal izango da.
Urtaro honetan, fenomeno astronomiko hauek ere izango dira ikusgai:
- Drakonidak (urriaren 8an ikusiko dira gehien)
- Orionidak (urriaren 21ean)
- Leonidak (azaroaren 17an)
- Geminidak (abenduaren 14an)
Ilargi beteak urriaren 17an, azaroaren 15ean eta abenduaren 15ean izango dira.
Eguna laburtzen joango da (garai honetan laburtzen da eguna azkarren). Penintsulako latitudeetan, eguzkia aurreko egunean baino minutu bat geroago aterako da goizetan, eta minutu bat lehenago ezkutatuko da arratsaldeetan. Ondorioz, udazken hasieran, eguzkiak zerumugan ematen duen denbora ia hiru minutu murriztuko da egunero.