Gizartea -
Istripuak
Bi adingabe zaurituta, horietako bat larri, bizikletan zihoazela harrapatuta, Nafarroan izandako bi istriputan
6 urteko ume bat larri zauritu da, Donamarian bizikletan ziholala auto batek harrapatuta, eta adin bereko beste bat zauritu da Funesen izandako harrapaketan.
Agentziak | EITB Media
Bizikletan zihoazen 6 urteko bi haur zauritu dira, horietako bat larri, Donamarian eta Funesen, Nafarroan, izandako bi harrapaketetan.
Harrapaketa larriena 17:15 aldera gertatu da, Donamarian, NA-4042 errepidean. Auto batek harrapatu du adingabea, txirrindulan zihoala, eta bi anbulantzia (oinarrizkoa eta aurreratua), helikoptero medikalizatu bat eta Foruzaingoa bertaratu dira.
Haurra helikopteroz eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, eta larri dago.
Foruzaingoa ezbeharraren nondik norakoak ikertzen ari da.
Beste harrapaketa 19:00ak aldera gertatu da, Funesen, antzeko egoeran.
Foruzaingoaz gain, Azkoiengo osasun langileak eta anbulantzia bat bertaratu dira. Hasiera batean, haurra Azkoiengo osasun-zentroan artatu dute, eta, ondoren, Nafarroako Unibertsitate Ospitalera eraman dute.