Gizartea -
EUSKO JAURLARITZA
Pedrosak "ausardia" eskatu du eskola segregazioari aurre egiteko itun sozial eta politikoa garatzeko
Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean, hurrengo lau urtetarako bere sailak dituen helburu eta erronkak aurkezteko. Aurreko legealdian onartutako Hezkuntza legea garatzea izango du eginkizunen artean.
AGENTZIAK | EITB Media
Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak eskola segregazioari aurre egiteko itun sozial eta politikoa garatzea defendatu du, eta "ausardia" eskatu du "oso handia" deritzon erronkari aurre egiteko.
Segregazioari lotuta, Hezkuntza Sailak ikasle zaurgarriak banatzeko sisteman azpimarra egiten jarraituko duela nabarmendu du. Pedrosaren esanetan, helburua da modu progresiboan ikastetxeak orekatzea eta ikasle guztien eskola arrakasta lortzea.
Hezkuntza sailburuak agerraldia egin du Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean, Sailak legealdi honetan dituen helburuak eta erronkak aurkezteko. Iazko abenduan onartutako Hezkuntza legea garatzea izango du eginkizunen artean.
Hitzaldian, sindikatuek parte hartzen duten mahaiak indartzeko konpromisoa hartu du sailburuak, eta elkarrizketarako eta akordiorako borondatea helarazi die gizarte eragile guztiei. Gainera, nabarmendu du Hezkuntza Sailak lanean jarraituko duela langileen behin-behinekotasuna murrizteko eta bitarteko langileen kopurua % 8ren azpitik kokatzeko. Ildo horretan, azken urteetan egin diren lan deialdi publikoetan 5.000 irakasle baino gehiago egonkortu direla gogoratu du.
Euskarari dagokionez, testuinguru formal eta ez formaletan erabilera bultzatuko dela adierazi du. Horrez gain, ikastetxeekin lan egingo dutela azpimarratu du, bakoitzak bere errealitate soziolinguistikora egokitutako hizkuntza proiektua garatu dezan.
Pedrosak berretsi du A, B eta D hizkuntza ereduak gaindituta daudela. Gaurkoan, PSE-EE isilik gelditu da, Hezkuntza Legearen testuan hizkuntza ereduak gehitzea eskatu bazuen ere.
Ikasleen irakurmen eta matematika konpetentziak hobetzeko ekimenak iragarri ditu, baita ikasleak adimen artifizialaren erabilera seguru, arduratsu eta kritikoan trebatzeko programak ere.
Inbertsioen alorrean, 800 milioi euroko inbertsioa aurreikusi du hezkuntza azpiegituretan.