Gizartea -
Osasuna
Terraza, igerileku, parke eta autobus geltokietan erretzeko debekua ezartzea eskatu du Bruselak
Nolanahi ere, Europako Batzordearen gomendio ez-loteslea da, EBko estatu kideek baitute osasun-politiken gaineko eskumen esklusiboa.
Agentziak | EITB Media
Europako Batzordeak gaur eskatu die Europako gobernuei erretzeko debekua gune jakin batzuetara zabaltzeko, erretzen ez dutenek arrisku berezia duten guneak, hain justu; hala nola tabernetako eta jatetxeetako terrazak, haur-parkeak eta igerilekuak eta autobus-geltokiak; era berean, betoa zigarro elektronikoa eta gisako produktuei ere aplikatzearen alde agertu da, nikotina izan zein ez.
"Osasuna bermatuko duen Europar Batasun batean, gure herritarrak, batez ere umeak eta gazteak, kearen eta isuri kaltegarrien eraginpean egotearen aurka babesteko betebeharra dugu", ohartarazi du Stella Kyriakides Osasun komisarioak ohar batean, eta 2040an "tabakorik gabeko belaunaldia" lortzeko konpromisoa berretsi du.
Gomendioa ez da loteslea, estatu kideek baitute osasun-politiken gaineko eskumen esklusiboa, baina Bruselak animatu ditu xede hori estrategia nazionaletara eramatera, estatu bakoitzaren "inguruabarrak eta premiak kontuan hartuta".
"Kearen eta aerosolen eraginpean egotearen aurkako babes-neurri eraginkorrak" beharrezko ikusten dituzten tokien artean jolas-eremuak nabarmentzen dira, bereziki haurrak askotan egoten diren lekuak badira, hala nola haur-parke publikoak, jolas-parkeak, igerilekuak eta zoologikoak.
Era berean, Bruselak aire zabaleko eremuak edo gune erdi estaliak zerrendatzen ditu, hala nola balkoi, teilatu-hegal, ataripe edo patioak, eta baita "jatetxe, taberna, kafetegi eta antzeko lokaletako beste espazio batzuk" ere.
Batzordeak garraio publikorako gune erdi irekiak ere seinalatzen ditu, autobus, tranbia eta tren-geltokiak eta aireportuak, kasurako.
EBko Gobernuaren datuen arabera, 700.000 pertsona inguru hiltzen dira urtero Europar Batasuneko estatuetan tabakoaren kontsumoarekin lotutako gaixotasunen batek jota, nahiz eta horietako batzuen kontsumoa zeharkakoa izan besteen kearen ondorioz.