Gizartea -

IKERKETA

Ur zikinen azterketek diote EAEn anfetamina kontsumoa Estatuan baino 30 aldiz handiago dela

Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiak egindako azken txostenaren ondorioetako bat da. Dozena bat erkidegotako 30 bat araztegiren laginak aztertu dituzte.

Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media
Irudia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Araztegietako ur zikinen azterketek informazio ugari ematen dute; uraren kalitatea neurtzeko ez ezik, gaixotasunak atzemateko edota droga ohiturei buruzko datuak ateratzeko ere baliatzen dira analisi horiek, besteak beste.

Hala, Drogen eta Adikzioen Espainiako Behatokiak kaleratu berri duen ikerketak azken urteotako joera berretsi du: EAEn anfetamina kontsumoa Estatuan baino 30 aldiz handiago da, ur zikinen azterketen emaitzen arabera.

Azterketak mahai gainean jarri dituen datuak ondorengoak dira: anfetaminaren asteko kontsumoaren batez bestekoa 679-2.796 miligramokoa da egunean, 1.000 biztanleko. Estatuko gainerako erkidegoetan, berriz, substantzia horren kontsumoa nabarmen baxuagoa da: 9-103 miligramo eguneko.

Astean zeharreko eta asteburuetako ur zikinen laginak alderatuta, anfetamina kontsumoa % 19 handiagoa da asteburuetan EAEn, eta % 7 handiagoa Estatuan. Datuok, ikerketaren egileen arabera, erakusten dute aisialdiko testuinguruan kontsumitzen dela gehiago droga mota hori.

Azterlanak zehazten duenez, kokainaren eta anfetaminaren kontsumo mailak "nahiko parekatuta" daude Euskadin. Batez beste, egunean 2.000-2.600 miligramo kokaina kontsumitzen dira (1.000 biztanleko).

Bost urte daramatza Euskal Herriko Unibertsitateak ikerketa honetan parte hartzen. Estatuko hiriburu nagusienetako araztegietako laginak aztertzen dira.

Nestor Etxeberria EHUko Kimika doktoreak azaldu du EAEn herri txikietako zein handietako laginen emaitzak oso antzekoak direla, droga kontsumo ohiturei dagokienez.

Hasieran, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko urak aztertzen hasi ziren, baina urtez urte, araztegi gehiagotako ur zikinetako laginak batu dituzte ikerketara. "Araztegiek guk egiten dugun bizimoduaren islada zuzena dira", esan du Etxeberriak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
EHU Drogak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak