Gizartea -

Osasuna

39 milioi pertsona baino gehiago hil daitezke hurrengo 25 urteetan, antibiotikoekiko erresistentziak eraginda

'The Lancet' aldizkarian argitaratutako ikerketa baten arabera, mikrobioen aurkako erresistentziak eragindako heriotzak % 70 haziko dira 2050ean, 2022arekin alderatuta.

Bakterien aurka egin dezakete antibiotikoek. Egile eskubiderik gabeko irudia
Bakterien aurka egin dezakete antibiotikoek
Bakterien aurka egin dezakete antibiotikoek. Egile eskubiderik gabeko irudia

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mikrobioen aurkako erresistentziak osasun globalean duen eraginari buruzko ikerketa baten arabera, baliteke hurrengo 25 urteetan —aurten hasita, 2050. urtera arte— 39 milioi pertsona baino gehiago hiltzea, antibiotikoekiko erresistentziak eragindako infekzioen ondorioz.

Mohsen Naghavi Washingtongo Unibertsitateko ikertzailea buru duen taldeak 1990etik 2021era izandako bilakaera aztertu du, eta 2050era bitartean 204 herrialde eta lurraldetan izan dezakeen eragina kalkulatu.

Azterlan horrek ondorioztatu ahal izan duenez, mundu mailan milioi bat pertsona baino gehiago hil ziren mikrobioen aurkako erresistentziak eraginda, 1990etik 2021era bitartean. Halaber, epe berean arrazoi horri lotutako heriotzak % 50 murriztu ziren 5 urtetik beherako haurren artean eta 70 urtetik gorakoen artean, berriz, % 80 igo.

Ikerketaren arabera, 2022an baino ia % 70 pertsona gehiago hilko dira 2050ean bakterioen antibiotikoekiko erresistentziak eraginda, eta fenomeno horrek adinekoak gehiago kaltetuko ditu. Zehazki, 2050. urtean mikrobioen aurkako erresistentziaren ondorioz 1,91 milioi pertsona hil daitezkeela kalkulatu dute.

Bestalde, kalkulatu dute, 2025etik 2050era, antibiotikoak hobeto erabiltzeak 92 milioi pertsona salba ditzakeela.

Antibiotikoekiko erresistentzia gertatzen da, besteak beste, bakterioek botiken aurrean erantzuteari uzten diotenean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Gaurko titularrak Gaurko azken orduko albistea Osasun albisteak Dietei buruzko albisteak