Gizartea -

Trafikoa

Emisio gutxiko eremuak: Noiz sartuko dira indarrean gainerako euskal hiriburuetan?

Bilbo dagoeneko hasi da emisio gutxiko eremuan sartzen diren baimendu gabeko ibilgailuei zigorrak jartzen. Gainerako hiriburuetan zein da egoera? Noiz jarriko dira martxan ingurumen-bereizgarriak Donostian, Gasteizen eta Iruñean?

EGEak Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Foto: EITB Media.
EGEak Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Foto: EITB Media.
EGEak Donostian, Gasteizen eta Iruñean. Foto: EITB Media.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilbo izan da Hego Euskal Herriko lehenengo hiriburua, ingurumen bereizgarriak kontutan hartuz, emisio gutxiko eremua martxan jartzen eta gehien kutsatzen duten ibilgailuei kale horietara sarrera mugatzen, baita baimenik gabe sartzen direnak zigortzen ere.

Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuak ere EGE-ek araututako neurri berriak lantzen ari dira, eta gehienak datorren urtearen hasieran sartuko dira indarrean.

Donostia

Gipuzkoako hiriburuko Udalak 2025 urtearen hasieran isuri gutxiko araudi berria onartuko duela aurreikusi du. Une horretatik aurrera, zenbait gunetan ibilgailu batzuk sartzeko debekuak eta murrizketak hasiko dira.

Donostiako EGEak Alde Zaharra eta hiriaren erdigunea hartuko ditu, 1,2 kilometro karratuko zabalera izango du; oinez, 20 minutuan egiteko modukoa. Araudia bi etapatan jarriko da indarrean:

- 2025ean ibilgailu zaharrenei, etiketarik ez dutenei edo A kategoriakoak deritzenei sartzea debekatuko zaie.

- 2028tik 2030era bitartean, B bereizgarria dutenei ere debekatuko zaie sarrera gune horretara.

Agintariek aurreratu dutenez, murrizketak salbuespen batzuk izango ditu, baina, era berean, zigorrak egongo direla jakinarazi dute. 200 eurorainokoak izango dira eta % 30eko igoera izango dute debekatutako gunean berriz ere sartzen direnentzat.

Gasteiz

Gasteizko Udalak ere 2025ean ezarri nahi du emisio gutxiko eremua. Bertan ere bi fasetan sartuko da indarrean:

- 2027ra arte, ez dira kontuan hartuko ingurumen-bereizgarriak, eta Alde Zaharrera eta zabalguneko gune batera sartzea debekatuko zaie berariaz hara ez doazen ibilgailu guztiei. Kasu horretan, baimen puntualak emango zaizkie egoiliarrei, gremioei eta ibilgailu bereziei.

- 2027tik aurrera, gutxien kutsatzen duten ibilgailuek bakarrik sartu ahal izango dira. Beraz, koloretako eranskailuak hartuko dira kontuan.

Hala ere, Udalak oraindik urrats batzuk egin behar ditu, hala nola mugatutako perimetroan jarriko dituen kamerak erosi.

Iruñea

Iruñeko Alde Zaharra emisio gutxiko eremu gisa mugatuta dago gaur egun, baina bertarako sarrera baimentzeko ez dira ingurumen-bereizgarriak kontuan hartzen. Gaur-gaurkoz, egoiliarrak, gremioak eta banatzaileak eta zerbitzuko ibilgailuak bakarrik sar daitezke.

Hala ere, Udala araudi berria lantzen ari da eremuak mugatzeko eta horietan sartzen diren ibilgailu kutsatzaileei zigorrak ezartzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Trafikoa Klima-aldaketa Donostia Iruñea Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Larrialdi klimatikoa