Gizartea -
Gertakaria
Gizon batek larri zauritu ditu bere gurasoak Bilbon, sastatuta
Aurretik, Loiuko aireportuko aparkalekuko laugarren solairutik behera erori da auto batean, eta bere kabuz irten da ibilgailutik, iraulita geratu den arren.
EITB Media
Gizon batek gurasoak sastatu ditu etxean, Bilboko San Adrian auzoan. Aurretik, Loiuko aireportuko aparkalekuko laugarren solairutik behera erori da autoarekin, Segurtasun Saileko iturriek baieztatu dutenez.
Erasotzailearen gurasoak anbulantzian eraman dituzte ospitalera, larri, baina ez omen daude hiltzeko arriskuan.
Ertzaintza, Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira, erasotzailea San Adrian auzoko bere etxebizitzan gotortu baita, eta koltxoneta bat jarri dute. Gizonak bere burua leihotik bota du, eta koltxoneta gainera erori da, larrialdi zerbitzuek aurreikusi bezala. Gizona anbulantzian sartu dute, itxuraz, osasun egoera onean.
Halaber, gizona atxilotu dute, giza hilketa saiakera egotzita.
Aurretik, aireportuko aparkalekuko laugarren solairutik behera erori da autoan, eta bere kabuz atera da ibilgailutik, iraulita geratu den arren. Ertzaintza haren bila zebilen.