Gizartea -

Eguraldia

Hotza eta eguzkitsua dator asteburua

Tenperatura minimoak 5 graduren bueltan geratuko dira. Horregatik, ez da baztertzen aldizka izotza egitea. Maximoak, berriz, apur bat igoko dira, 20-22 graduraino.

Txindoki. Argazkia: Xanti Horrillo
Txindoki
Txindoki. Argazkia: Xanti Horrillo

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eguraldiak hobera egingo du gaur, egunak aurrera egin ahala. Hodeitsu esnatuko dira zeruak, eta tarteka euria egingo du, batez ere kostaldean. Arratsaldean, ostera, atertzera egingo du, eta ostarte zabalak ikusiko dira. Gaua iristerako, zeruak garbi egongo dira, eta horrek tenperaturen jaitsiera ekarriko du. Maximoek, baina, aurreko egunetako joerari eutsiko diote, eta 16-19 graduren bueltan kokatuko dira.

Larunbata

Larunbat eguzkitsua espero da, nahiz eta hotzak hartuko duen lekurik garrantzitsuena, goizeko lehen orduetan eta egunaren amaieran. Tenperatura minimoek behera egingo dute nabarmen, eta nekez iritsiko dira 5 gradura barnealdean. Hortaz, ez da baztertzen aldizka izotza egitea. Maximoak, aldiz, 20-22 graduraino igoko dira.

Ortzia urdin egongo bada ere, goi hodeiren bat edo beste izango da tarteka. Haizeak ipar-ekialdetik joko du arratsaldean.

Igandea

Aldaketa gutxi espero da iganderako. Eguzkia eta izotza egiteko arriskua nagusituko dira igandean ere.

Astelehenean, berriz, laino gehiago egongo dira. Halere, iragarpenaren arabera, eguzkia gailenduko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Iparraldea Eguraldia Gizartea Eguneko albisteak Albisteak