Gizartea -
TITULAR NAGUSIAK
Albiste izango dira: EITB Data: Pantailak eta adingabeak, Harris-Trump debatea, eta Venezuela
Gaurkoan albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
EITB MEDIA
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko irailaren 11n, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- EITB Data: Pantailak eta adingabeak: EAEko eta Nafarroako haurrek 11 urterekin eskuratzen dute, batez beste, lehen telefono mugikorra. Nerabezaroan, 14 eta 15 urterekin, ia guztiek dute Interneterako sarbidea duen eskuko telefonoa. Hala ere, 10 nerabetik 8k ez du inolako araurik eta mugarik mugikorra erabiltzean. Halaber, eskuko telefonoak eta sare sozialek betetzen dute gehienbat gaur egungo gazteen aisialdia.
- Harris-Trump debatea: Azaroaren 5eko AEBko presidentziarako hauteskundeetako bi hautagaiek, Donald Trumpek eta Kamala Harrisek lehen telebista eztabaida izan dute. Harrisek aurre egin dio Trumpi, akusazio pertsonalez jositako debate batean. Itxura guztien arabera, bart ABC katearen Filadelfiako estudioetan egin dena hauteskunde kanpainan egingo den debate bakarra izango da.
- Venezuelako egoera: Espainiako Diputatuen Kongresuak Edmundo Gonzalez Venezuelako presidente hautatu gisa onartuko du, PP, EAJ, UPN, Vox eta CCren botoekin. Atzo Edmundo Gonzalez aitortzeko proposamenaren eztabaidan, inbestidurako taldeak kontra agertu dira, egokia ez delakoan. EH Bilduk ez du eztabaidan parte hartu.