Gizartea -
Nazioarteko babesa
6.153 pertsonak asilo eskaera egin zuten iaz EAEn: inoizko daturik altuena
2022an aurkeztutako 10 babes eskarietatik ia 6 atzera bota ziren, Venezuelako herritarren kasuan, ordea, 3tik bakarra. Immigrazioaren Euskal Behatokiaren arabera, EAEko herritarren % 93,1 asilo eskatzaileak hartzearen alde daude.
Agentziak | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan inoiz baino asilo eskatzaile gehiago izan ziren 2023. urtean, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak Espainiako Barne Ministerioaren datuak oinarri hartuta zabaldutako informazioaren arabera.
6.153 asilo eskatzaile izan ziren iaz EAEn, aurreko urtean baino 2.067 gehiago. 2022koa zen, hain zuzen ere, aurreko errekorra. Pandemia aurretik, 2019an, 4.827 asilo eskaera erregistratu ziren.
2022tik joera aldaketa izan da asilo eskatzaileen kopuruari dagokionez.
Azken datu osatuak (jatorria, ukapenak) 2022koak dira. Horren arabera, EAEn asilo eskaria egin zuten 10etik 9 (% 92) Latinoamerikakoak dira, eta herrialdeei dagokienez Kolonbia, Venezuela, Nikaragua, Honduras eta Peru nabarmentzen dira. Latinoamerikaren atzetik, oso urrun, Magreb (% 2,6) eta Asia (% 1,9) ageri dira.
Oro har, 2022an aurkeztutako 10 babes eskaritatik ia 6 (% 59,6) atzera bota ziren. Hala ere, Venezuelako herritarren kasuan, 3tik 1 onartu zen, arrazoi humanitarioak tarteko.
Bestalde, Immigrazioaren Euskal Behatokiak nabarmendu duenez, EAEko herritarren % 93,1 asilo eskatzaileak hartzearen alde daude.