Gizartea -
HONDARRIBIA
Zapateroarekin Kale Nagusia jaitsita amaitu da Alarde gogoangarria
Alardeek normaltasunez egin dute desfilea Hondarribiko egun handian, eta jaien historian lehen aldiz Kale Nagusian behera dantzan eta kantuan amaitu ahal izan du Jaizkibelek festa.
eitb media
Jaizkibeleko kideek konpainia gisa ospatu dute Hondarribiko Alardea lehenengo aldiz, eta normaltasunez egin dituzte eguneko desfileak, plastiko beltzak eta bestelakoak atzean utzita.
Aurrerapauso handi bat izan da, ordea, gaur, Hondarribiko Alardean. Izan ere, jaien historian lehen aldiz Kale Nagusian behera dantzan eta kantuan amaitu ahal izan du Jaizkibelek festa, Zapateroaren doinuak lagunduta. Orain arte, herriko beste plaza batean amaitu behar izaten zuen ibilbidea Jaizkibel konpainiak, baina, aurten, Udalak Kale Nagusia jaisteko baimena eman die, eta normaltasunez bukatu ahal izan dute desfilea, Alarde gogoangarriari amaiera borobila emanez.
Goizean, Alarde parekidea babesten duen konpainia bakarra lehenengo aldiz joan da Gernikako Arbola plazako elkargunera, konpainiak batzen diren lekura, baina alarde tradizionaleko konpainiek geroago joatea erabaki dute, alarde parekidearen aldekoekin bat ez egitearren, eta bakarrik utzi dituzte Jaizkibel konpainiakoak.
Alarde tradizionalak 08:00etan irten behar zuen, eta, erabaki horren ondorioz, 20 minutu atzeratu da.
Jaizkibelek zegokion orduan ekin dio desfileari, Nora Ferreira kapitaina aurrean zela, eta Nahia Salaberria, gurpildun aulkian, kantinera. Aurten, mila bat kide elkartu dira bertan, giro onean eta euri txikiari aurre eginez.
Alarde tradizionalaren jarraitzaileek ez bezala, Jaizkibel konpainiakoei harrera egin diete zenbait agintarik, Ibone Bengoetxea lehen lehendakariordeak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak, Igor Enparan Hondarribiko alkateak, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak eta Manuel Lezertua Arartekoak, besteak beste.
Jaizkibel konpainiaren kapitaina gustura agertu da goizeko desfilearekin, eta "oso pozik" daudela esan du, Gernikako Arbola plazara joatea "aurrerapausoa" izan delako. Horren harira, azpimarratu du eurek Udalaren ebazpena onartu eta bete dutela, eta ez dutela arazorik gainerako konpainiekin elkartzeko, horixe baita eurek aldarrikatzen dutena: "Denek batera ospatzea eta desfilatzea". Horregatik, alarde tradizionalekoei egotzi die Gernikako Arbola plazan agertu ez izanaren "ardura".
Ferreiraren hitzetan, "goiz polita" igaro dute, Kale Nagusian gora txalo artean jaso dituzte, erakundeen "beroa" sentitu dute, eta eliz atarian udal korporazio guztiak egin diete harrera.
Hala ere, igaro direnean, emakume eta neska batzuk altxatu egin dira eta bizkarra eman diete Jaizkibelekoei.
"Alardea bakarra da, eta ez gaude bertan. Hondarribitar askok babestuko lukete gu hor egotea. Oraindik talde txiki bat badago, botere handiegia duena, ez duena nahi emakumeok parte hartzea, giroa nahasten ari dena eta elkarrizketarako borondaterik ere ez duena", kritikatu du.
Hori dela eta, Ferreirak "elkarrizketa" bultzatzearen aldeko apustua berretsi du "hau konpontzeko bide gisa". "Alardea ondare immateriala da, guztiona. Horregatik, Udalak, herritarren ordezkari den heinean, horixe sustatzeko betebeharra du", esan du. "Gaur, beti egin dugun moduan, Hondarribiko gobernu taldea babestu nahi dugu. Elkarrizketa eta irtenbidearen aldeko apustua egin du, eta aitortu egiten diogu egin duen lana eta zilegitasuna, desadostasunak desadostasun", gaineratu du.
Jaizkibel konpainia eta Alarde osoa kalera itzuli dira arratsaldean, eta hori ere beste berritasunetako bat izan da, Jaizkibelek lehen aldiz zeharkatu du Kale Nagusia 'Zapatero' ekitaldian. Orain arte Gipuzkoa plazan egiten zuen, tradizionalaren jarraitzailerik gabe.