Gizartea -

Erasoa

Bost lagun atxilotu dituzte Andoainen aurpegian hausturak izan zituen gizon bati jipoi bat emateagatik

Biktima osasun zentro batean artatu behar izan zuten. Atxilotuek 20 eta 35 urte bitartean dituzte, eta ertzain-etxean daude, epailearen aurrera eramateko zain.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak bost gazte atxilotu ditu, gizon bati jipoia ematea egotzita. Biktimak larritasun-maila ezberdineko zauriak zituen aurpegian, hausturak tartean, eta osasun zentro batean artatu behar izan zuten.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar baten bidez jakitera eman duenez, ostiral goizaldeko hirurak aldera jazo zen erasoa, Andoaingo Ubilluts gasolindegitik gertu. Biktimak erasoa jasan zuela ohartarazi zion Ertzaintzari. Kolpe ugari zituen aurpegian, eta jipoiaren ustezko egileen deskribapena eman zien agenteei.

Horren arabera, gasolindegira joan zen tabakoa erostera, eta ordaintzeko leihatilan jarri zenean bi gazte hurbildu zitzaizkion eta liskarra hasi zuten berarekin. Eztabaida saihesten saiatu arren, bertatik alde egin zuenean gazteak atzetik joan zitzaizkion, eta ukabilkadak eta ostikoak ematen hasi zitzaizkion. Une horretan, beste gazte batzuek ere bat egin zuten erasotzaileekin.

Ertzainek erasoaren tokian bertan identifikatu eta atxilotu zituzten bi susmagarri, eta, ikerketari esker, beste hiru atxilotu zituzten, gertakarietan parte hartu zutelakoan. Atxilotuek 20 eta 35 urte bitartean dituzte, eta ertzain-etxera eraman zituzten, epaile aurrera eraman aurretik egin beharreko izapideak betetzera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Andoain Albisteak